-
Zer da, aspalditik desio duzun lanpostu baterako hitzordua?
-
Ez, ez, lan aukera gehiago ere sortuko dira. Baina hau ez, hau bakarra izango da eta bertan egon behar dut.
-
Koadrilako baten ezkontzan?
-
Ez, askoz ere gogoangarriagoa izango da.
-
Eta ez da aukera gehiagorik izango?
-
Ez. Bueno, igual bai, baina ez da gauza bera izango. Errepikaezina izango da eta nereak eta bi egin behar ditut han egoteko.
-
Behin bakarrik gertatuko den zerbait?
-
Bai, milaka pertsona joango dira. Nola geratuko naiz ni joan gabe? Ezin dut.
-
Eta zer pasako zaizu joaten ez bazara?
-
Ez dut pentsatu ere egin nahi. Jende guztia han eta ni ez? Ezta pentsatu ere. Nik ere han egon behar dut.
-
Behar, behar… ez ote da gehitxo?
-
Ez al dituzu komunikabideak irakurri? Ez al dituzu sare sozialak jarraitu? Ikusgarria izango da, gogoangarria, ahaztezina, errepikaezina, magikoa, izugarria, hunkigarria!!
-
Bai, energia handia sortuko da, borobila izango da, lehertu egingo da, bikaina izango da… betikoa.
-
Nola betikoa?
-
Bai, zure gogoko musika taldeak eskainiko duen kontzertuaz ari zara. Baina iaz ere beste talde baten kontzertuarekin gauza bera esan zenuen. Izugarria izan zen, neu ere joan nintzen eta bikain pasa genuen.
-
Orduan, oraingoan ere etorriko zara?
-
Eta 2026ko maiatzean izango den kontzerturako sarrerak bihar erosi? Goizeko 9:00etan egiteko guztiak alde batera utzi eta ordenagailu aurrean estresak jota jarriz? Ez, oraingoan ez.
-
Ez dut ulertzen, ahaztezina izango da eta estresak mereziko du.
-
Bai, denak dira hunkigarriak eta ahaztezinak. Hala esaten digute behin eta berriz, benetan joateko beharra sortu arte, ezin dugula galdu sinestarazi arte.
-
Ez, ez da sinestarazten digutelako. Nik benetan joan nahi dut.
-
Bueno, marketina ikasten ari den bizilagunari galdetuko diot beharrak geurek diren edo sortu egiten dizkiguten…
-
Orduan, oraingoan galdu egingo duzu?
-
Galdu, galdu… akaso beste zeozer irabaziko dut. Oraingoan ez naiz joango eta lasai geratuko naiz. Kontzertu erraldoi eta kolosal guztietara joan gabe bizi naiteke, ez kezkatu. Gainera, beste formatu batzuk ere gustuko ditut. Adibidez, Odolaren Mintzoa taldea herrian agurtuko da, lagunartean, eta herriko beste talde batzuk ere oholtzara igoko dira: Anuk eta Elene, Viafara, Hysteria, Zaparra, Mihise, Txiskeroak, Ameba, Rukula eta Dj Jotatxo. Aukera hori izatea ere ederra eta hunkigarria da.