Airgam Boys-ak

“Guk Airgam Boysak aldatzen eta mugitzen genituen; hauek egiazko pertsonak”

Aste hauetako gertakari batzuek 7-8 urte nitueneko irudi bat ekarri didate gogora: Orioko lehengusuen etxeko pasillo estu eta luzea, lurreko moketa marroia, lehengusuaren Airgam Boys-ak eta gure eskuak haiek mugitzen istorioak asmatu ahala.

Guk ez geneukan Airgam Boysik etxean eta guretzat nobedadea zen. Izugarri gustatzen zitzaigun panpintxo haiek hartu eta denon artean istorioak asmatuz batera eta bestera mugitzea. Gainera, panpinak aldatu ere egin zitezkeen: ile horia kendu eta beltza jarri, txapela kendu eta kaskoa jarri, bati ezpata kendu besteari jartzeko… eta horrela, pertsonaia berriak sortu eta istorio berri batekin segitzen genuen.

Ez naiz gogoratzen zein istorio asmatzen genituen. Ez naiz gogoratzen animaliarik edo gurdirik ba ote genuen. Baina ondo gogoan dut Airgam Boysak eskuetan hartu eta gure ahotsak aldatuz antzerkian bete-betean sartzen ginela.

Esandakoak esanda, eseri aurretik, pribatuan, Airgam Boys-ekin jolasean imajinatu ditut”

Aste hauetako gertakarietako bi pertsonak ez dira eskuetan Airgam Boysekin agertzen, ez dira txikitako jolasei buruz hizketan ari. Eserita ikusi ditugu, irribarrez, hizketan, mundu guztiari beren asmoen eta ideia “freskoen eta bikainen” berri ematen. Esandakoak esanda eta entzundakoak entzunda, eseri aurretik, pribatuan, Airgam Boysekin jolasean imajinatu ditut: hauek hemendik hona aldatuko ditugu, ile beltzeko guztiak han urrunago, ezpatak kendu eta fusilak eta metrailadoreak jarriko dizkiegu, hemen hotelak kokatuko ditugu, errepideak hemendik hara… Gustura biak, pertsonaiak nahieran mugitzen; haien gogoen, gutizien eta interesen arabera.

Gu ere horrelaxe aritzen ginen. Baina gu umeak ginen eta izebak prestatutako merienda jatera joaten ginenean bukatzen zen jolasa. Bi pertsona hauek, ordea, ez dira 7-8 urteko umeak. Helduak dira adinez ‑adinez soilik‑, gainerako guztietan ezin esan helduak direnik.

Horregatik, jolasa bukatutakoan, jendearen aurrean agertu dira sortu duten istorioa kontatzera, lasai ederrean. Eta Airgam Boysak ez, baizik eta egiazko pertsonak mugituko dituztela esan digute, krudelkeria eta izua irribarre atzean ezkutatuz eta disimulatuz. Donald Trumpek eta Benjamin Netanyahuk palestinarrekin, israeldarrekin eta Gazarekin egin nahi dutena kontatu digute. Eta okerrena da umetako inozentziarik gabe ari direla.