Txorakeria dirudi, baina… igual ez da hain txorakeria. Universitat Oberta de Catalunyako Begonya Enguix Grau katedratikoak horri buruz idazten du maskulinitate toxikoari buruzko liburu bateko kapitulu batean: Men know, women listen: Mansplaining, manspreading and other malestream stories, Gizonek badakite, emakumeek entzuten dute: Mansplaining, manspreading eta beste gizonkeria batzuk.
Manspreading hankak zabaltzea dela esan dugu. Mansplaining gizon batek emakume bati dagoeneko ulertzen duen edo dakien zerbait azaltzea da, emakumearen ezagutza-falta justifikaziorik gabe onartuz.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi: “Manspreading gizonak garraio publikoan eta beste espazio publiko batzuetan hankak zabalduta esertzea da”
Praktika horiek ez dutela axola pentsa dezakegula, beti existitu direla eta oharkabean pasatu direla. Baina Enguixek axola dutela azpimarratzen du, zerbaiti izena emateak identifikatzea eta arreta erakartzea esan nahi duelako eta horri buruz hausnartzeko aukera ematen digulako. Era berean, praktika hori existitzen dela baldin badakigu, aldatzeko aukerei buruz pentsatzen hasi gaitezkeela dio.
2017an Madrilgo metroan hankak zabaltzearen jarreraren kontrako kanpaina jarri zuten martxan, oso ohiko jarrera desatsegina zelako. Irudizko kartelak jarri zituzten; “ez erre” eta “zaborrik ez” kartelekin batera, “hankak ez zabaldu” adierazten zuten irudiak.
Niri, egia esan, egun hauetan zer pentsatua eman dit gaiak eta trenean aurreko astean bertan hori gertatu zitzaidala konturatu naiz. Atearen ondoko aulkiak berez nahiko txikiak dira eta hankak zabalduta zegoen gizonak are eta espazio txikiagoa utzi zidan. Seguru nago zuetako batzuei ere pasako zitzaizuela, eta trenean ez bada izan, frontoiko tribunetan edo kiroldegiko harmailetan agian.
Gizonek hankak ixteko eta denok begirada zabaltzeko garaia iritsi da akaso.