Orain dela pare bat aste beste gauza batek ere sorrarazi zidan "oooo!" hori: Artzabalgo plazako zoruan koloretako klarionaz egindako marrazkiek. Ez da ezer berria, udaberriko loreak ez diren bezala, baina bai berezia. Perretxikoak bezala topatzen ditugu klarionaz egindako marrazkiak Artzabalgo plazan, frontoian edo ikastolako patioan.
Batzuetan umeak marrazten ari diren momentuan ikusten ditugu, koloretako klariona nola gastatzen zaien konturatuz. Banaka edo taldeka aritzen dira marrak eta marrazkiak egiten edo izenak idazten. Normalean gatazkarik sortzen ez den giroan murgiltzen dira, araurik gabe, helduen begiradatik at, nahieran koloreztatuz lur grisa. Inperfektua den lan artistiko perfektua egiten dute.
Beste batzuetan biharamunean edo beste momentu batean egiten dugu topo marrazkiekin, ja eginak daudenean eta egileak ez daudenean bertan. Beraz, anonimoak diren irudiak ikusten ditugu, nork eta noiz egin ote dituen galdetzen diogularik geure buruari.
“Lurrean koloretako klarionaz egindako marrazkiek miresmena sorrarazten didate”
Lurrean marrak ikusten dira: horia alde batera, urdina bestera, berdea gainetik, arrosa gurutzatuta... Ez dira ospitaletako lurrean ikusten ditugun marra zuzen eta zurrunak. Norabide jakinik gabeko marra libreak dira, nora garamatzaten ez dakigunak, baina modu jolastian garamatzatenak.
Marrazkiak ere hor lurrean: etxeak, eguzkia, aurpegiak... Ez dira mandala perfektuak, baina erakarmen bera dute, misterio bera transmititzen dute. Sormena, bat-batekotasuna eta jolasa iradokitzen duten irudi txiki-handiak dira, lurzoruko grafiti atseginak, irribarrea eragiten dutenak.
Baimenik eskatu gabe egindako marrazkiak dira, euriak bakarrik zapuzten eta ezabatzen dituenak. Baimenik gabe sortuak eta baimenik gabe desagertuak. Egileek beraiek onartzen eta errespetatzen duten joko-araua da. Badakite egindako "artelana" ez dela betirako izango eta ez da hori helburua, gainera. Jolasteko, gozatzeko eta ondo pasatzeko marrazten dituzte eta opari modura uzten dituzte. Lur grisa koloreztatzen dute eta aire libreko erakusketa bat sortzen dute, ordutegirik eta sarrerarik gabekoa. Hori bai altruista!
Zoru grisa, koloretako klarionak, irudimena, askatasuna, jolasa eta aire librea. Osagai horiekin egindako marrazkiek sorrarazten didate miresmenez betetako "oooo!". Alderdi askotatik begiratuta izan daitekeelako ederra.