Esaten zuenaren eta egiten zuenaren artean koherentzia mantendu zuen; zailena, hain justu. Sarritan gertatzen baita gauza bat esan eta bestea egitea, inkoherentziaz jokatzea eta kontraesanak izatea.
Horregatik miresten dut Ziortza. Uruguaiarraren ideiak usurbildarren artean zabaltzea eta egikaritzea lortu duelako. Esaten eta egiten asmatu duelako; edo askotan, esan gabe, egiten aritu delako. “Gure filosofia da gazteek sinpletasunaz gozatzen ikastea”, zioten Ziortza Gazte Elkartekoek Noaua!ren aurreko zenbakian. Eta Peñaloscintoseko kanpaldia jarri zuten adibidetzat. “Azpiegitura aldatu da, baina ez hainbeste. Bere sinpletasuna mantentzen du”.
Ainhoa Azpirotz Eizmendi: “Pepe Mugicak esaten zuenaren eta egiten zuenaren artean koherentzia mantendu zuen; Ziortzak ere bai”
Hasierako urteetako kanpin denda kanadienseak mantentzen dira, sukaldea leku berean dago, eta ontziak eskuz eta denen artean garbitzen dira. Hobekuntzak egin dira, jakina; letrinak komun bihurtu dira, arropak gordetzeko leku bat dago eta argiztapena ere hobetu da. Baina jangelako mahaiak ez daude hormigoizko zoru lauan, belardian zuloak eta aldapatxoak daude eta gauean kanpin dendetara joateko ilunpetan edo linternekin joan behar da. Funtsezko gauzei garrantzia eman zaie, baina gehiago ez. Hautu bat izan da, gaur egungo gizarte oparoan eta erosoan zaila den hautua. Eta hortxe dago Ziortzaren keinua.
Kanpaldira joaten den gazte bakoitzari –eta haien familiei‑ olio botila bat eramateko eskatzen zaienean bezala. Familia gehienei ez zaie kostatzen ezer botila bat olio eramatea; Ziortzari denentzako adina olio erostea bai. Hortxe Ziortzaren beste keinu bat: elkartasuna. Ekintza xume baten irakaspen aberatsa.
“Taldea zaindu nahi dugu, garrantzitsua da”, diote. Eta badakite nola zaindu: elkarbizitzak eginez, elkarrekin denbora pasaz eta harremanak estutuz. Duela 40 urte ere, erretore-etxeko gela handian ikastolakoak eta nazionaletakoak elkartzen gintuen Ziortzak, eta aparteko bi mundutan bizi ginen gazteak elkartzea eta harremanetan jartzea lortzen zuen. Kohesioa, Ziortzaren beste keinu bat.
Keinuak. Irakaspenak. Balioak. Esan eta egin. Koherentziaz. Eskerrak Ziortza daukagun Usurbilen!