Konturatu gabe, patrika milaka argazkiz beteta daramagu. Mugikorrean geronek ateratako argazki eta bideo mordoez gain, besteek bidalitakoak ere pilatzen zaizkigu. Bai, pilatu.
Eta pilatzea ez da artxibatzea, txukuntzea edo antolatzea. Pilatzea bata bestearen gainean edo ondoan jartzea da. Eta gaur egungo argazki eta bideo kopuruarekin… pentsa zenbat pilatu dezakegun! Hainbeste, non etorkizunerako mimoz gorde ditugun irudiak galdu egiten zaizkigun ondoren ateratako guztien artean.
Etorkizuna iristean, apenas hartzen dugu ikusteko tarterik. Sarritan telefonoak gogorarazten digu duela urtebete edo bost urte non geunden, orduan ateratako argazkia begien aurrean jarriz. Gure memoria baino azkarragoa da mugikorraren algoritmoa. Aurrea hartzen digu.
"Irudiak istorio bihurtzen dira taldean ikusten direnean"
Irudi digitalen bolumenaren eta azkartasunaren aurrean, gustura hartzen dira paperean dauden argazkiak, eskuetan hartu eta lasaiago ikusteko eta komentatzeko. Gauza bera albumekin, orriak banan-banan pasaz, patxadan, behatzekin aurpegi hau edo kaleko izkina hura seinalatuz. Sutegin jartzen dituzten argazki erakusketetan ere pausoz pauso irudi batetik bestera beste tempus batean ibiltzeko eta ikusteko aukera izaten da; gertutik, urrutiagotik, pare-parean edota beste angulo batetik.
Irudiak taldean ikusten direnean, beste dimentsio bat hartzen dute. Irudiak istorio bihurtzen dira eta askoren oroimeneko kontuak berpizten dira: “zein den eskuinetik hasi eta bigarrena?”, “ez haiz batere aldatu!”, “hori ere ibiltzen al hunan taldean?”, “argazki batean hi ateratzen haiz, ilea huenean!”, “zenbat aldatu dan herria!”, “a bai, orain etxeak dauden lekuan soro horiek zeuden, bai”, “arropa horiek jantzita ibiltzen al zineten?”… Umorea lagun, komentario eta komentario artean, ederra da sortzen den txispa. Ikusi besterik ez dago Usurbil 58 dokumentala.
Antzeko zerbait sortzeko aukera emango du San Juanetan Kalezarren ikusi ahal izango den diaporamak. San Juan Suaren 30 urte 25 minutuko diaporaman bildu ditu Tolak. Pantaila txikian ikusi ordez pantaila handian erakutsiko dira 1985etik 2015era bitarteko irudiak. Pantailak txikian banaka begiratu ordez pantaila handian taldean ikusiko dira, denen oroitzapenak astinduz eta elkarren artean komentatuz. Ea zer txinparta sortzen den!