Orain kaioak Usurbilen? Kaleraino etorrita? Arraroa egin zitzaidan. Akaso Oria ibaiaren inguruan ikusi izan ditugu, baina kaleraino etorrita… nekez. Eta egun batetik bestera hainbeste… Zergatik ote zen pentsatzen hasi nintzen.
Usurbil ez da itsasertzeko herri bat, nahiz eta itsasotik urruti ez egon. Ez du porturik eta itsasontzirik eta ez du kaioak erakarriko lituzkeen arrain usainik.
Orain kaioak Usurbilen? Kaleraino etorrita?... Zerk erakarrita?
Arrain usaineraz gain, zabor usainera ere gerturatzen dira antxetak. Zabortegien inguruan izugarrizko kaio pila ibiltzen da eta hango hondakinekin elikatzen dira. Ez da Usurbilen kasua, ordea. Edo… igual antzeko zerbaitek erakarrita etorriko ziren? Izan ere, Santixabel ondorengo egunetan ikusi nituen. Eta mokoak lurrera luzatuta plazako eta kaleko apurrak hartzen ari ziren. Horrek erakarrita gerturatu ote ziren ba Usurbila? Harriek eta musikak erakarrita ez ziren gerturatuko. Buruhandien atzetik ibiltzera ere ez. Zikinkeria non kaioak han izaten direla kontuan hartuta… zer pentsatu ematen du.
Gainera, zer esango dizuet ba, ez ditut estimu handitan kaioak. Arriskutsuak eta lotsagabeak iruditzen zaizkit. Arriskutsuak, duela 26 urte Eskozian Pasaiako arrantzale batzuek kontatu zigutenagatik. Lochinver herrian porturatuta zeuden eta itsasontzira gonbidatu gintuzten afaltzera. Marmitakoa jan bitartean kontu kontari ari ginela, arrantzaleen etsairik arriskutsuena ez zela marrazoa esan ziguten, kaioa baizik, gosetuta dagoenean begietara erasotzen duelako. Geroztik beste begi batzuekin begiratzen diet, mesfidati.
Eta lotsagabeak ere iruditzen zaizkit, azken urteotan hondartzan ikusitakoagatik: esku artetik janaria hartzen! Edozein unetan pasatzen dira hegan gure buruen gainetik edo oinez aldamenetik. Eta eskuetan tuperra edo ogitartekoa edukiz gero, adi! Konturatzerako gerturatu, mokoa luzatu, janaria hartu eta badoaz! Pentsa zer-nolako sustoa! Eta… disgustoa!
Aukeran, nahiago txio-txioak karra-karrak baino.