Baina ez da pelikula bat; ez da bideo-joko bat; Sutegin ikusgai dagoen Norgehiagoka erakusketaren barruan ikusgai dagoen ikus-entzunezko laburra da. Soka-saltoan ari diren ume batzuei harmailetan dauden gurasoek esaten edo oihukatzen dizkieten hitzak dira: “Ez egin hutsik”, “adi egon”, “ongi egin salto”… Gero eta ozenago, gero eta haserreago: “Ez al duk ulertzen?”, “zer hago, galduta?”
Auzo lotsa eman duten irudiak dira. Ulertezinak ere bai. Nola iritsi gaitezke jarrera horiek izatera? Ikus-entzunezkoak eta erakusketak eskola kirolean eta, oro har, kirolean izaten diren jarrera desegokien gaineko hausnarketa bultzatu nahi dute. Kasu honetan, gurasoen edo ikusleen jarrera desegokia nabarmentzen ditu ikus-entzunezkoak: umeak lasai jolasean ari diren bitartean, gurasoak eta ikusleak erabat ernegatuta daude seme-alabei begira, haien ustez gaizki ari direlako, gaizki salto egiten dutelako.
Erakusketaren bueltan kirol, hezkuntza eta kultur eremuko 35 lagun gaiari buruz hausnartzen aritu dira eta egin dituzten hausnarketak irakur daitezke erakusketan eta osatu duten liburuxkan. Horien artean Iker Sarriegi Etxabe futbolari ohiaren eta abokatuaren hitzek lagundu didate gurasoen jarrera ulertzen: “Gailurraren ispilu aurrean aurkitu ditugu atontzen seme-alabak, gurasoak garaipenaren menpekotasunak janzten gaituen bitartean”. Hori izango da: garaipenaren menpekotasuna duten gurasoak, euren seme-alabak garaile ikusi nahi dituzten gurasoak.
“Gurasoei argi esaten diete seme-alabek: nahikoa da!!! Jolastu egin nahi dugu, ez garaile izan”
Ikus-entzunezkoan ongi ikusten da horrek zer eragin duen seme-alabengan. Amaierako hitzek laburbiltzen dute: nahikoa da!!!
Ezin da zuzenago esan. Argiago ere ez.
Gaztetxoek eta gazteek ongi ulertu dute ikus-entzunezkoaren mezua: presiorik ez egiteko eta lasai uzteko jolasean eta kirola egiten. Helduek eta gurasoek ere ulertu ote dute? Ba ote dakite goizegi lehiatzen hasteak edo hori bultzatzeak zer dakarren?
Andoni Egañak argi planteatzen du: “Norgehiago”k bi zati ditu ongi bereiziak: “nor” eta “gehiago”. Hautatu beharra dago. Zer nahiago dugu izan “nor” ala “gehiago”?