Komunikabideetan irakurri dudanagatik “hiriari irekitako proiektu bat” da, “herritarrekin eta pertsonekin hartu-emanean gertatzen delako berrikuntza”. Zehatzago galdetuko diet gero berrikuntzarekin zer esan nahi duten; alegia, zer berrikuntza mota dituzten buruan. Ea zer esplikatzen didaten.
“Elkarlanean hasi ginen, ari gara eta arituko gara”. Hori ere irakurri dut prentsan eta funtsezkoa iruditzen zait. Hau taldean eta denak batera egiteak beste indar bat ematen du eta sozialki horren beharrean gaude gaur egun. Dena hain indibidualki eta norbere interesen arabera egiten dugun honetan, borondatez elkarrekin hasteak eta jarraitzeak beste zentzu bat dauka.
Munduan halakorik ez dagoela ere irakurri dut. Bueno, horrekin ez nago ados. Norbere zilborrari begiratzeari utzi eta ingurura so eginda, segituan ohartuko gara horrelako ekimen gehiago badaudela. Baina tira, Donostiakoa “elikadurari lotutako laborategi bizi bat” izango omen da, “etorkizun goxo bat, gastronomiatik, osasungarria eta jasangarria”.
"Lagun usurbildarrak hemen elkartzen dira beste donostiar askorekin beren misio altruista aurrera eramateko"
Egitasmoarekin “laguntza, babesa, orientazioa eta lan egiteko toki berezi bat eskainiko dizkiegu ekintzaileei”, hori ere irakurri dut. Zeinen ongi. Ez da arraina eman eta kito izango, ez; arrantzan ere erakutsiko zaie. “Herritarrentzat hitzaldiak eta tailerrak” eskainiko dituzte. Ez dago batere gaizki. Parte-hartzeko eta ikasteko aukerak, gainera, hirian integratzeko bide bat ireki diezaieke gerturatzen direnei. Are gehiago, esan dute “mimo handiz tratatuko dituztela haurrak eta helduak”.
Bultzatzaileak ziur daude “herriarentzat ekarpen positiboa egingo duela”. Eta ni ere ziur nago. Ez nagoena ziur da nire lagun usurbildarrekin egindako hitzorduaz. 19:30ean geratu ginen eta jada 20:00ak dira. Ez ote nago leku egokian? Kokapena bidaltzeko esan beharko diet… Hara! Ba okerreko lekuan nago. Zubia gurutzatu eta Gipuzkoako Plazara joan behar omen dut…
Ai ene! Nahastu egin naiz! GOE Gastronomy Open Ecosystem-en omen nago eta ez KAS Kaleko Afari Solidarioak ematen diren lekuan!! GOE oraintxe ireki dute eta KAS egitasmoak 5 urte daramatza gauero kale egoeran dauden pertsonei afari beroa banatzen hiru helbururekin: gose direnei otordu bero bat ematea; elikaduraz harago, gertutasuna eskaintzea; eta herrigintzan eta auzotarren artean boluntarioki egitea ekarpena.
Itxuraz helburuek nahiko antzekoak dirudite, baina… Gastronomy Open Ecosystem eta Kaleko Afari Solidarioak ez dira gauza bera.