Langileek emazteari eman dizkiote azalpenak: nor noiz datorren, zer egin duten eta zergatik, zer ezusteko izan duten eta nola eman dioten irtenbidea... Emazteari kontsultatu dizkiote sortu zaizkien zalantzak eta erabakiren bat hartu behar izan denean hari galdetu diote. Emaztea izan da obrako langileekin hitz egin duena eta jarraipena egin duena, inolako arazorik gabe.
Dena normal eta ongi. Harik eta egun batean senarra ere han tokatu zen arte. Emaztea igeltseroari nola nahi zuten esaten, bezperako kontuak berritzen, eta igeltseroa senarrari begira eta hari azalpenak ematen. Gizonetik gizonera. Emaztea han egongo ez balitz bezala. Ordura arte emazteak egindako lana ikusezin bihurtuz.
Beste etxe batean kanpoan ez, barruan ari ziren obra txiki bat egiten, eta altzariak mugitu behar zituzten. Etxean bi alaba eta semea, hirurak sasoikoak. Bi lagun behar ziren armairu handia mugitzeko eta amak semeari eskatu zion. Lagun bati esateko eta bien artean lekuz aldatuko zutela. Eta bi alabak begiak zabal-zabalik amari begira. “Gu hemen egon eta kanpotik ekarri behar al dugu “gizon” bat armairu hau mugitzeko?”.
"Ez al zaio maila baxuko indarkeria deitzen horri? Edo indarkeria sinbolikoa?"
Ezkaratz batean urteko bilera egiten ari ziren bizilagunak. Argi kontsumoa gutxitzeko proposamenak eztabaidatzen ari ziren. 2. pisuko neskak detektagailua jartzea proposatu zuen, baina inork ez zion aurrerapenik eman. 3. pisuko alargunak bonbila batzuk kentzea iradoki zuen, baina ezezko borobila erantzun zion aldameneko ateko gizon jubilatuak. 1. pisuko bikoteak LED argiak jartzea lehenetsi zuen, baina inork ez zuen argi ikusten aukera hori. 4. pisuko gizonezko ingeniariak detektagailuak jartzea proposatu zuen eta hiruk baiezkoa esan zuten berehala. Baina… ez al zen hori hasiera-hasieran 2. pisuko neskak planteatu zuena? Proposamena berbera izanda, zergatik ez zion inork baiezkorik eman hasieran neskari eta bai, ordea, gizonezko ingeniariari? Zein da desberdintasuna?
Gertaera sutilak dira, bai; baina ez dira gertaera soilak. Ez al zaio maila baxuko indarkeria deitzen horri? Edo indarkeria sinbolikoa? Emakumeon konfiantzan eta autoestimuan eragina duena? Emakumearen ikusezintasuna eta umilazioa bultzatzen dituena?
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna pasa berri dugu. Urteak beste 364 egun ditu.