Abenduan anbulatoriora joan beharra egokitu zait eta ase geratu naiz jasotako arretarekin: medikua adeitsu eta behar zen denbora eskainiz; erizaina jator eta laguntzeko prest; eta harrerakoak gutxik duten pazientziarekin eta hitz goxoekin. Baina horra iristeko, zenbat kosta zaidan hitzordua lortzea, alajaina! Makro kontzertu bateko sarrera lortzea bezainbeste.
Kontzertu handietako sarrerak Interneten salgai jarri orduko agortzen dira. Eta sarrerak geratzen direnetan bizi-bizi ibili behar da aulki egokiak lortzeko edo kantxako sarrerak eskuratzeko. Eta bestela, birsalmenta, bezperan eta ziurtasunik gabe ibili beharrak sortzen duen estresarekin.
"Zenbat kosta zaidan medikuarekin hitzordua lortzea! Makro kontzertu bateko sarrera lortzea bezainbeste"
Osakidetzako webgunearen bidez medikuarekin hitzordua lortzeko antzeko odisea pasa behar da: medikuarekin aurrez aurreko hitzorduak agortuta egoten dira gehienetan eta libre daukan eguna ikuste hutsak bihotzekoa ematen du: astebete barru? Nekeza da guk behar ditugun egunetarako (gaur, bihar edo etzi) hitzordua lortzea eta astebete baino beranduagoko hitzordua zertarako behar dugu?
Webgunean hitzordua zertarako nahi dugun aukeratu behar dugu: zitaren arrazoia. Segun zer aukeratzen duzun, ez du aukerarik ematen medikuarekin aurrez aurreko zita hartzeko, telefono bidezkoa baizik (zuzeneko kontzertua versus youtube bidezkoa). Edota medikua saltatu eta erizainaren aukera soilik uzten du. Edo harrerakoarena baino ez.
Kontua da kontzertu baterako sarrera erosterakoan gogotsu eta sutsu egoten garela, baina medikuarekin zita hartzerakoan ez, gaixorik gaudenean ez baitugu energiarik soberan izaten. Pentsa 39 ºCko sukarrarekin pantaila aurrean agendaren aukera urriak ikusteak zer atsekabe sor dezakeen.
Eta zergatik daude hain aukera gutxi? Zergatik itxoin behar da hainbeste? Bada, mediku gutxi dagoelako. Zerbitzua hankamotz geratzen da medikuak oporrak hartzen dituenean ordezkorik ez baldin badago; edo haren gaixoak beste sendagile batek hartu behar baldin baditu —bere gaixoez gain—; edo erizainak pasa behar baldin badu kontsulta medikuaren ordez.
Baldintza horietan, Osakidetzaren webgunearen bidez hitzordua eskatzeko bidea ez dago gaixoentzako egina. Hain da nekeza, gehiago gaixoarazten gaituela.