Zorionekoak Urdaibaikoak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2026ko otsailaren 4a

Murueta ontziolaren inguruan eraiki nahi zuten Guggenheim Urdaibai museoa ez dute egingo.

Gutxitan gertatu ohi da, baina Urdaibain pasa da: makro proiektu bat egiteko asmoa bertan behera utzi dute instituzioek. Ez da Urdaibai Guggenheim museorik izango. Historikotzat jo du erabakia Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.

 

Hasieratik izan da proiektu eztabaidatua. Faktore ekonomiko, ekologiko eta juridiko asko zeuden zalantzan. Ekonomikoki, ez dakit zenbat zeroko proiektua zen; ekologikoki museoaren kokapena ez zen egokia eta legezkoa, eta juridikoki gutxienez hamar urte behar ziren egitasmoa gauzatzen hasteko!

Prozesu honek hainbat alderdi interesgarri bistaratu ditu. Besteak beste, Agirre Lehendakaria Center ikerketa zentroak aurrera eraman duen entzute prozesua eta haren ondorioak. Busturialdeko 949 herritar elkarrizketatu ditu eta ondorio esanguratsuak atera dituzte.

Bata, museoaren kokapenak eragiten duela kontrakotasunik handiena. Murueta ontziolaren lurzoruan egitea aurreikusi zen eta ekologikoki eta juridikoki korapilo handiko lekua zen. Argi geratu da herritarrek barneratuta daukatela ingurugiroa babestu behar dela, instituzioek ez bezala. Sentsibilitatea eta umiltasuna eskatzen ditu ingurumena babesteak, eta horretan herritarrak instituzioak baino aurreratuago daude.

“Sentsibilitatea eta umiltasuna eskatzen ditu ingurumena babesteak, eta horretan herritarrak instituzioak baino aurreratuago daude”

Beste ondorio bat: museoaren alde zein kontra daudenek eskualdeak garapena behar duela diote, denek. Ez dute nahi diru publikoa gutxi batzuen probetxurako eta ingurumena suntsitzeko erabiltzea. Euren egunerokotasnari lotutako beharrei erantzun nahi diete: larrialdi klimatikoa, kalitatezko enplegua, etxebizitza, turistifikazioa eta oinarri-oinarrizko azpiegitura falta, saneamendu saretik hasi eta ur horniduraraino.

Entzuketan azaleratu den beste ondorio bat herritarren sentsazio bat izan da: “Nire iritziak ez ditu gauzak aldatuko”. Asko errepikatu den esaldia izan omen da. Eta hain justu, proiektu honen kasuan, esaldi hori ez dela guztiz egia ondorioztatu daiteke, alegia, herritarren kontrakotasunak bere pisua izan duela behin betiko erabakian.

Guggenheim Urdaibai museoaren egitasmoak erakutsi diguna zera da: eskualdearen etorkizuna baldintzatuko duen proiekturik ezin dela planteatu eskualdean bizi direnei galdetu gabe. Galdetu eta attu! Herritarren oniritzia behar du edozein proiektuk, bereziki konplexua eta eragin handikoa denean. Normalean, konplexutasun horrek jarraitu egiten duelako proiektua gauzatu ondoren ere. Ikusi besterik ez dago zer gertatu zaigun guri erraustegiarekin. Hasierako zalantzak eta arazoak ez dira ez gutxitu ez desagertu; areagotu baizik.