Egun horretan ez gara lanera joaten eta hartara, antolatutako ekitaldietan, manifestazioetan, hitzaldietan edo dena delakoetan lasai parte hartzeko aukera dugu. Eta eguna ospatzekoa.
Duela urte batzuk greba egin zen martxoaren 8an. Emakumeok, amok, langileok… antolatutako aldarrikapen ekitaldietara joateko aukera izan genuen, eta gizonek eta aitek hartu zuten laneko zereginak egiteko edo seme-alabekin egoteko ardura. Pauso bat gehiago emanez, zergatik ez bilakatu jaiegun, greba egin ordez? “Aitaren eguna” baino esanguratsuagoa bada gaur egun, ezta? Edo “Hispanitatearen eguna” baino geureagoa. Edo “Konstituzio eguna” baino bidezkoagoa.
“Moreari gorria gehitzea da gakoa, ez bere horretan gorri bihurtzea”
Egutegian duen kolore beltza aldatu diezaiokegu, baina ez gorria jartzeko, more gorrixka baizik. Moreari gorria gehitzea da gakoa, ez bere horretan gorri bihurtzea. Eta zein da aldea? Gorri soila izatearen ondorioz gerta daiteke dendak itxita eta kaleak hutsik egotea, edo zubia egokitzen den urtean “kanpora” joateko baliatzea. Jaiegun hil bat. Horrelako egun gorri batzuk baditugu. More gorrixka baldin bada, ordea, gorriaz eta jaiaz gain, morea eta aldarrikapena ere badaudela esan nahiko du. Eta kaleak beteta mantendu behar ditugula gogoratuko dugu. Kalera atera eta berdintasunaren aldeko oihuak entzungo dira ozen. Emakumeon indarra ikusiko da, eta elkartzen garenean sortzen den energia zabalduko da.
Laneko egutegian bezala, Noaua!koan, Seaskakoan, Arantzazukoan edo kutxetakoan martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, more gorrixka izatea falta da. Ofiziala eta orokorra izatea, alegia. Iritsiko da.