Estutu, baina ito gabe

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2026ko apirilaren 15a

Gasolioak 1,94 euroko prezioa eduki du egun batzuetan eta orain 1,90 eurotan dago.

Badirudi zoritxarrez ohikoa bihurtzen ari zaigula munduan gerra bat amaitu gabe beste bat hastea, eta haren ondorioak mundu osoan igartzen dira. Azkenekoa Iran eta AEB-Israelen artekoa. Kasu honetan, eraitsitako etxeez eta zauritutako eta hildako pertsonez baino gehiago hitz egin da komunikabideetan suntsitutako lantegiez, petrolioaren prezioaz eta Ormuz pasabideaz.

Eta igarri ere, guztion poltsikoetan igarri da. Gerra hasi aurretik gasolina 1,478 euro ordaintzen genuen batez beste. Duela gutxi 1,796 eurotara igota egon da eta une honetan (15 egunetako su-etena iragarri ondoren) 1,57 eurotan dago. Gasolioaren kasuan, gerra hasi aurretik 1,43 eurotakoa zen litroaren batez bestekoa. 1,94 euroko prezioa eduki du egun batzuetan eta orain 1,90 eurotan dago.

Europako beste herrialde batzuetan, prezioak altuagoak dira: Herbeheretan gasolina 2,33 €/l eta gasolioa 2,46 €/l; Alemanian gasolina 2,2 €/l eta gasolioa 2,5 €/l; Irlandan, Danimarkan eta Finlandian gasolioa 2,45 €/l igo da. Irlandan lau egunez errepideak eta energia azpiegiturak blokeatu dituzten erregaien prezioen igoera salatzeko.

Prezio horietan, petrolio gordinaren edo Brent upelaren prezioaz gain, eragina dute zergek, findegiek, garraioak, merkatu-eskariak eta geopolitikak.

"Litroa 5 euro ordaintzera iritsi al gaitezke? Posible ote da ordaindu ezin dugulako autorik hartu gabe geratzea?"

Edonola ere, igo eta jaitsi, igo eta jaitsi horretan, zenbat igo dezakete gasolinaren eta gasolioaren prezioa? Litroa 4 euro ordaintzera iritsi al gaitezke? Edo 5 euro? Posible ote da ordaindu ezin dugulako autorik hartu gabe geratzea?

Eta hainbeste igoko balitz, garraiolariekin zer gertatu litzateke? Eta haiek garraiatzen dituzten produktuekin? Jatekoa, edatekoa, janztekoa, erremintak, laneko materiala… Horien prezioak izugarri igoko balira eta ezingo bagenitu erosi?

Zer gertatuko litzateke munduko salerosketekin? Eta kontsumoarekin? Kontsumitu ezinik geratuko bagina, merkatuan eragin nabarmena izango luke eta agian ez da komenigarriena kapitalismoarentzat edo petrolio-konpainientzat. Greenpeace-ren arabera, AEBk eta Israelek Iran eraso zutenetik Europar Batasuneko petrolio-konpainiek egunean 81,4 miloi euro estra irabazi dituzte, denek batera 2.500 milioi eurotako irabaziak martxoan.

Irabazi horiek posible dira prezioak igo arren erosten jarraitzen dugulako. Nago ez ote dagoen dena neurtuta… estu hartu bai baina ito gabe. Itoz gero, ezin baita gastatu.