In memoriam

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2026ko maiatzaren 13a

Orain dela bi asteko NOAUA!n ikusi nuen Pello arrandegiaren iragarkia: lokala eta negozioa salgai jubilazioagatik. Lehendik ere bagenekien laster jubilatzekoa zela. Mikeli ere ez zaio asko falta. Bagenekien herriko bi arrandegiak ixtear zeudela, eta iritsi da momentua. Burdindegia ere abenduan itxiko du Juantxok. “Beherapen handiak jubilazioagatik” kartelak jarrita dauzka dendako eskaparatean.

Konturatu gabe edo konturatuta, herrian urteetan irekita egon diren denak ixtera doaz. Oraingo hiru hauez gain, pixka bat begiratzen eta pentsatzen jarrita, hurrengoak zein izan daitezkeen irudikatzea ez da zaila.

Eta esango nuke denek ixteko arrazoi bera aipatzen dutela: jarraipenik eza. Ez dago negozioarekin jarraitu nahi duen inor. Eta kito. Hor bukatzen da. Akabo. In memoriam.

Baina herriarentzat ez da “eta kito” hutsa. Herritarrontzat ondorio batzuk ditu: Usurbilen ez da arrandegirik eta burdindegirik egongo. Beraz, beste herri batera edo zentro komertzial handi batera joan beharko dugu arrain freskoa erostera. Ez da “hurbilago” egongo, eta kilometroen distantziaz gain, harremanaren eta tratuaren distantzia ere pairatu beharko ditugu. Ez baitira herriko arrandegietan sortzen diren elkarrizketak sortuko. Ez baititugu Juantxorenak bezalako azalpenak jasoko. Ez baitugu entzungo “eraman lasai, probatu eta gero ekarriko didazu bueltan ez baldin bada egokia”. Tiketa gorde eta aldatzeko aukera edukiko dugu, baina ez da gauza bera; ez du Juantxoren esaldiak ematen duen gertutasunik eta konfiantzarik ematen.

 

"Inork ez al du lanik egin nahi herriko denda batean?"

 

NOAUA!n Pello arrandegiaren iragarkiaren azpian beste iragarki bat dago eta hala dio: “Ateak zabalik dituzu Usurbilen jarduera berri bati hasiera emateko!” Udalak dirulaguntzak ematen ditu hutsik dauden lokalak alokatzeko eta proiektu edo negozio berri bati hasiera emateko. Eskertzekoa da udalaren aldetik horrelako laguntzak egotea, batez ere horren azpian dagoen helburuagatik: herriko merkataritza eta komertzioa bultzatzea, herria “hutsik” gera ez dadin. Udala arazoaren jakitun da.

Eta herritarrok? Arazoaren jakitun ote gara? Ba ote dakigu erreleborik ezak zer dakarren? Inork ez al du lanik egin nahi herriko denda batean? Zergatik? Ordutegiagatik, arduragatik, negozioa aurrera ateratzeko zailtasun ekonomikoengatik, prestakuntza ezagatik, erosketa ohiturak aldatzen ari direlako, lan gogorra delako, inori ez zaiolako gustatzen, ez delako erakargarria…?

Galdera asko dira eta interesgarria litzateke erantzunak jakitea. Herritar eta komunitate modura, honetaz ere hitz egitea. Gai honi buruzko solasaldi ziklo bat burutzea.