Kontua da erosketak egiteko “karroa” erabiltzen dudala –erosketetarako orga, Usurbilen “karrua”–. Erosoa iruditzen zait eta pisu asko eramateko osasuntsuagoa iruditzen zait. Fruta, esne kaxak, garbantzu paketeak eta jogurtak karroan sartu eta gurpilen gainean ederki asko eramaten ditut. Eta ez poltsak txingak bezala hartuta besoak behartuz. Asmakizun ederra iruditzen zait, eta harrituta geratu naiz orain dela gutxi esan dizkidatenekin.
Ni bezala karroarekin ibiltzen den batek hala esan zidan: “Banoa etxekoandreak bezala karroa hartuta erosketak egitera”. Etxekoandreak? Etxekoandreek bakarrik erabiltzen al dute karroa?, pentsatu nuen. Etxekoandreari lotuta ote dago? Agian gizonezkoak eta emakume gazteagoak ez dira orgarekin ibiliko… Nik ez nuen lotura hori egina eta ezustean harrapatu ninduen.
Baina alaba gazteenak bai, lotura hori egina dauka. Erosketa batzuk egitera joateko esan eta berehala esan zuen: “Ni ez naiz joango amonak bezala karroarekin”. Honek ere irudi bera dauka buruan: karroa = amona.
Eta azkenik, auzoko batek esan zigun orgarekin ikusten gintuela eta, “ze jende arraroa”, pentsatu zuela. Orduan ez zigun ezer esan, eta orain, konfiantza gehiago dugunez, hori bota digu. Bai, karroarekin ibiltzea arraroa, antigoalekoa, atsoen gauza… iruditzen zaio.
Eta ez ditut ulertzen lotura horiek. Zergatik duen karroak konnotazio hori. Zergatik ematen dion jendeari lotsa karroarekin erosketak egitera joateak. Bai, ze jendeari lotsa ematen dio; gazteei lotsa ematen die etxekoandreak bezala karroarekin joateak. Eta agian gizonei ere bai ‑salbuespenak salbuespen‑.
Erridikulua egiten al da karroarekin? Barregarri geratzen al da karroarekin erosketak egitera joaten dena? Ba zer esango dizuet. Niri oso erosoa iruditzen zait eta amonak, emakume zaharrak edo etxekoandreak azkarrak direla iruditzen zait, esperientzia dutela eta asko dakitela uste dut. Haiengandik ikasi beharko genuke –beste gauza asko bezala–.
“Ederki ahaldunduta daude; ederki gaindituta dauzkate modaz kanpo egotearen konplexuak”
Amonak edo emakumeak ez daude batere kezkatuta barregarri geratzearekin. “Ni karroarekin, eta zer?” esango dute barre txikia eginez. Modaz kanpo daudela? Haiei bost axola. Ederki ahaldunduta daude; ederki gaindituta dauzkate modaz kanpo egotearen konplexuak; eta erabat jabetuta daude karroak dituen abantailez. Pena gazteagoak ez konturatzea eta karroarekin barregarri geratzen direla pentsatzea. Harik eta gazte influencer batek Tik-Token bideo bat egin arte karroarekin erosketak egiten.