Tssss…. isilik!

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi

Posible ote da? Bai, posible da, surrealista samarra badirudi ere.

Aurtengo udan Donostiako hondartza sarreretan kartelak jarri dituzte: “Uda honetan arnastu eta entzun itsasoa”. Erretzea debekatuta dago eta bozgorailuak ere bai, musika entzungailuetatik soilik entzun daiteke. Zarauzko hondartzan gauza bera. Gainerakoetan, bozgorailuena ez da iritsi, baina kerik gabeko hondartzak direla argi adierazten da.

Erretzea debekatzen duten kartelak ikustera ohituagoak gaude. Bozgorailuena, aldiz, berriago izan da niretzat, sorpresa punttu batekin irakurri nuen lehenbiziko aldiz. Baina, pentsatzen jarrita, debekua ulertu dezaket, batzuk musika hondartzan dauden guztientzat jartzen baitute, denek entzuteko moduan. Eta gaur egun entzungailu indibidualak egonda… ba aldamenekoari siesta egiten edo lasai irakurtzen uztea ez dago gaizki.

Egoera horretan, imajinatzen al dituzue “aldamenekoarekin hitz egitea debekatuta” jartzen duten kartel batzuk? Edo “hondartza isila” diotenak? Zaila da horrelako kartelak egon daitezkeela pentsatzea, ezta? Esajeratu samarra, agian? Ba, hondartzan ez, baina autobusetan gertatu da. Posible da.

Lagun batek autobus bidaia baterako txartela erosi zuen eta txartelaren amaieran sei ohar agertzen dira. Azkenekoa beltzez azpimarratuta dago eta zera jartzen du: “Evite , en lo posible, hablar con otros usuarios o por teléfono” (Saihestu, ahal duzula, beste erabiltzaileekin edo telefonoz hitz egitea). Telefonoz hitz egitearena, bueno, batzuk oso altu hitz egiten dute eta haien elkarrizketa guztia entzutea ez da oso erosoa izaten. Baina aldamenean eserita duzunarekin ez hitz egiteko eskatzea?

Imajinatzen al dituzue “aldamenekoarekin hitz egitea debekatuta” jartzen duten kartel batzuk?”

Ez dakit horren azpian zein arrazoi egon daitekeen. Zergatik ez du nahi autobus konpainia horrek jendeak elkarrekin hitz egitea? Jada gero eta jende gutxiagok hitz egiten du elkarrekin garraio publikoan, bakoitza musika entzuteko bere gailuarekin edo mugikorrarekin doalako. Eta oraindik gutxiago hitz egitea bultzatzen ari al dira? Gure artean erlazionatzeko moduak aldatzen ari direla badakigu, baina horrelako gomendioak (aurki debekuak?) irakurri beharra ere... Ez dakit, lagun baten aitak esaten duen moduan, “atzeraka goaz”.

BlaBlaCar kotxeetan eta autobusetan ere isilik eta elkarrekin hitz egin gabe joan behar ote da?