Akaso batzuei ez zaizue ahaztuko, baina niri bai. Gero eta leku gehiagotan eskatzen digute kontua sortzeko eta pasahitza jartzeko. Kontua sortzen dugu, pasahitza jartzen diogu eta egiten dugu egin beharrekoa. Baina hurrena, ez dakit zenbat aste edo hilabete pasa ondoren, berriro kontu horretan sartzen hasten gara eta… ai! Zein zen pasahitza?
Behin baino gehiagotan gertatu zait usurbilkultura.eus-en. Kontua sortuta daukat eta tarteka sarrerak edo gonbidapenak hartzeko erabiltzen dut. Tarteka. Eta pasahitza eskatutakoan… urduri jartzen hasten naiz. Lehenengoan asmatuz gero, lasaitu ederra. Asmatzen ez badut, bigarren saiakera. Eta bestela, “pasahitza ahaztu zait”era jo behar.
Udalarenean okerragoa da; urduri ez, izerditan jartzen naiz. Egoitza elektronikora sartzeko BakQa eskatzen dit. Horretarako tramiteak eginak dauzkat –izerditan baita ere– eta pasahitza berreskuratu behar izaten dut. Oso tarteka erabiltzen dudanez, prozedura guztia bergogoratu behar izaten dut.
“Zenbat eta pasahitz gehiago erabili, ahazteko edo elkarren artean nahasteko joera handiagoa omen da”
Osakidetzako karpetan ere BakQa eskatzen dute. Udaleko tramitearen jarraian eginez gero, erraza da gogoratzeko. Baina beste momentu batean eginez gero –eta gehienetan hala izaten da– berriz ere ahaztuta.
Gertuagoko bonuak eskatzeko garaian ere, a ze komeriak. Pasahitza? Auskalo! Noiz sartu nintzen azkeneko aldiz kontu honetara? Nola gogoratuko naiz, ba?
Ikastolan Inika aplikazio berria jarri digute eta horretarako ere pasahitz berria jarri behar: berria, beste kontu batzuetan erabiltzen ez dena, segurtasun maila altua duena hobe, maiuskula bat, minuskula bat, zenbaki bat, ikur bat…
Hau eromena da! Ikerketek erakusten dute pasahitzak ahaztea edo gogoratzeko zailtasunak izatea ohikoa dela. Zenbat eta pasahitz gehiago erabili, ahazteko edo elkarren artean nahasteko joera handiagoa omen da. Izan ere, pasahitz seguruak sortzeko ematen dituzten gomendioek ez dute laguntzen erraz gogoratzea. Gomendioei jarraituz, xehetasun zehatzak gogoratu behar ditugu eta ikerketek diote oroitzapen horiek denboraren poderioz azkar ahultzen direla eta beste oroitzapen batzuen interferentziaren eraginpean egoten direla. Alegia, erraz ahaztu edo nahastu ditzakegula.
Ba omen daude pasahitzak sortzeko trikimailuak, ez ahazteko eguneroko ohiturak, pasahitz-kudeatzaileak… Zeozer egin beharko da. Zeren hau gure 16 abizenak gogoratzea baino konplikatuagoa bihurtzen ari da.