Hotzikaratik sukarrera

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi

Egin berri dugu etxebizitza eskubidea bermatzearen aldeko eta espekulazioaren kontrako greba orokorra. Bi aldarrikapen: etxebizitza duinak eta espekulazioa amaitzea.

Egun hauetan Berrian eta NOAUA!n irakurritako datuek oihartzun egiten didate oraindik.

Alokairuko etxe batean bizi zen Aljeriatik etorritako Hamza, baina ez baldintza duinetan: bospasei lagun hiru logelatako etxean. Hamzak ez zuen gela partekatzen, bere gela propioa zuen eta 450 € ordaintzen zituen hilero, beltzean, kontraturik gabe. Ondoren beste etxea batean egon zen, han ere alokairuan, ur berorik eta argirik gabe. Jabeak ez omen zuen ordaindu nahi, baina kobratu, 550 € kobratzen zizkion hilero. Diru hori kobratuta, miserablea behar du izan pertsonak maizterrak argirik eta ur berorik gabe edukitzeko! Hotzikara ematen du.

Espekulazioaren datuak, berriz, hotzikaraz haratago, sukarra eragiten du. Usurbilgo Udal Etxebizitza Bulegoko langileek esandakoaren arabera, badira etxebizitza dirua irabazteko erabiltzen duten pertsonak. Idealistaren webgunean 1.400 €-tako bat agertzen da. Etxe berria, estreinatzeko, 2025ean eraikia, 1.400 €-tan. Alokairu horrekin, jabeak erosi berri duen etxebizitza ordainduko du, alajaina! Udal Etxebizitza Bulegoko langileek arrazoi: batzuk etxebizitza inbertsio modura erabiltzen dute. Eta horren kontra egon behar dugula diote. Nola ez ba! Arrain handiak beti arrain txikiak jaten? Batzuk beti besteak baino listoagoak ote?

Panorama horrekin, sukarra 38tik 40ra igotzeko arriskua erreala da. Batez ere gurasoen etxetik emantzipatu nahi duten gazteen kasuan. 25 urtetik beherako gazteek soldataren %78a erabiltzen dute alokairua ordaintzeko. Beraz, %22 gelditzen zaie gainerako gastuetarako. Horregatik, ez da bideragarria alokairuko etxebizitza batean bakarrik bizitzea.

"Usurbilen etxe berria, estreinatzeko, 2025ean eraikia, 1.400 €-tan alokairuan. Erokeria!"

Etxebizitza erosi nahi dutenen kasuan, panorama ez da hobea. 25 urtez azpikoek soldataren %30 erabiltzen baldin badute etxea ordaintzeko, 30-31 urte behar dituzte etxebizitza sozial bat ordaintzeko eta 53 urte etxebizitza libre bat ordaintzeko. Adin tarte guztiak kontuan hartuta, 19 urte behar dira babes ofizialeko edo etxebizitza sozial bat ordaintzeko eta 35 urte salmenta libreko bat ordaintzeko.

Sukarra jaisteko paracetamola baino zerbait gehiago behar da. Etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea premiazkoa da.