Aldea Ferreira

Ongi etorri irakurleok. Tarterik izanez gero, zirrikitu honetan momentu batez egunerokotasunaren presa pausatzeko gonbita luzatu nahi nizueke. Ez nuke jakingo esaten urrutiko intxaurrak hamalau ote ziren, baina NOAUAk ondoko txokoa eskaini ostean, hementxe aurkituko nauzue, lauburu birakari baten parte, uztailera bitarteko kontu eta komeriei eragiten Ainhoa Azpirotz, Idoia Torregarai eta Ugaitz Agirrerekin batera. Konpainia finagorik nekez izango da, bide batez.

 

Eta akaso esango duzue, desinformazioaren aro honetan falta genuena hauxe zela. Lau konta katilu berriei ahotsa ematea… Eta nire partetik, ez dizuet kontrakorik esango. Baina ziurtatu nahi nizueke, saiatuko garela zuen neurrira egindako ahalik eta bitxikeria pipertsu eta gogoeta sakonenak partekatzen. Kafetegian entzundako gertakizunetatik hasi eta, egunero zeharkatzen gaituzten zapalkuntzek osatu dezaketen esparru mugagabe honetan, barrenak zabaltzen.

Eta behin konfiantzaren goxotasunetik abiatuta, ezagutzen al duzue Dennis, duela pare bat urte Galiziako herrixka despopulatu bat erosi zuen alemaniar katedratikoa? Bada, ezta nik ere, baina bera eta noizbait Aldea Ferreria gisan izendatzen zuten herrixka ezagutzeko aukera izatea gustatuko litzaidake.

Dirudienez, Dennisek Berlingo unibertsitatean Žižek eta beste hainbait pentsalari garaikideen klaseak jaso zituenean hasi omen zen guztia. Iritzi kritikoaren susperraldiaz gori, hauek ere bere antzera eskola arautu eta elitezko hezkuntzaren komoditatea baztertuz, leku sinple eta merkeago batean euren jakintzak partekatu zitzaketela ebatzi baitzuen. Oztopo nagusi bat zuen ordea, hain zuzen,  txiro jaio izana mundura.

Hala ere, gizartearen arrakaletatik barrena abiatzeko adinako pitzaduraz, inbertsio esanguratsu bat egiteko aukera egokitu zitzaion bitcoin deritzon moneta birtualean (lasai, nik ere nekez ulertzen dut kriptomoneten kontu hau, baina ez dio axola), eta horri esker lortu omen zuen urte batzuen buruan landa guneetako despopulazioak irentsitako herrixka erosteko adina kapital batzea. Eta akaso  nire gisan,  mesfidantza sortuko dizue ekonomia birtualaren izebergaren nolakotasunak, baina ez nuke horretan galdu nahi.  Izan ere,  diru sari hau ez zuen jate pribatu bat erosi eta jubilatzeko erabili. Azken urteetan amaren alabarik ikusten ez zuen herrixka abandonatu hartan, paradisu intelektual bat sortzeko ametsa betetzeko baizik.

Aurretik, 10 urte eman zituen unibertsitatean lanean, baina graduatuen fabrika bateko behargin sentitu zela dio. Orain kontrara, The Foundry izenez bataiatutako etxaldea du aterpe eta arnas. Urte eta erdi eskasean, 100 lagundik gora izan ditu bidaide, eta teilatua konpontzearen edota, norberaren gaitasunen araberako lanen ordainetan, liburutegi amaiezin batetik elikatzen den irakurle talde, metaforen inguruko tailer, pentsamendu figuratuaren inguruko ikastaro edota sukaldeko entzimeren eraikuntzan parte hartu eta ostatu hartzeko aukera izan dute, besteak beste.

Komunitate honen sorrerarekin, eskuekin eta bizipenekin lan egitea bultzatu nahi izan du, liburuetan itotako ikasketak baino, bizitzaren esperientziak bideorratz izanik. Eta diot neurekiko, ez ote den horren adibide garbiena, unibertsitate ikasketak amaitu ostean sentitu ohi den itsas labar edo huts erraldoi hori. Titulirisaren sukarrak jota,  ikasketak izateko pribilegioa ez ote dugun desbalorizatu, geure ezjakintasun eta esperientzia ezaren pisuaz. Hezkuntza integral eta oso bat bermatzeko, urte luzeetan herdoildu den sistema hau birplanteatu beharrean gaude ezinbestean, eta batez ere, eskola eta hezkuntzari, balioa bueltan itzuli beharrean.