Ikusitakoak ikusita eta bizitakoak bizita, aurten amaitu (edo sortu) zaizkit aitzakiak ordea. Hementxe nago, ordenagailuko pantailari datorren urteari zer eskatzen dion galdezka. Orri zuriaren gainean nire aurpegiaren bekoki zimurtua topatu dudan arte. Et, et, et… ez begiratu horrela, aditu? jada ez dago atzera bueltarik. Baina, nondik hasi behar izaten da halako zerrenda?
Urtearen errepasoa egiten hasi naiz. Ikasle izatetik, langile izaterako trantsizioan eman nituen 2019aren lehen hilabeteak. Ostera saskibaloiari berrekin diot. Jada ez daukat autoko L-a erortzeagatik (berriro ere) isuna jasotzeko arriskurik. Eta orain zer? Zer eskatu altzoan hartu gaituen urte berri honi? Eskatu baino, egin nahi ditudan edo egunerokotasunean ahaztu nahi ez nituzkeenak zerrendatzea hobe izango da:
1. Ingurukoak zaintzea ondo dago, baina norbera zaintzea ahaztu gabe. Osasun fisikotik abiatzea aukera bikaina den arren, osasun mentalari behar bezalako garrantzia eman beharko zenioke. Arduratu eta ezagutu itzazu, entzun eta ikasi emozioak landu eta kudeatzen.
2. Ez neurtu denbora dirutan, ez zapuztu egin nahi zenituzkeenak etorkizunaren ziurgabetasunagatik. Berau zuk eraikitzen eta erabakitzen duzunez, ez da garaiz kanpo egindakorik. Eta bide batez, hasi buruan darabilzun bidaia horri forma ematen.
3. Ez egin kasurik inbidia onik ez dagoela diotenei. Ingurukoengatik poztea eta beraien lekuan egon nahi izatea bateragarria eta guztiz sanoa izan daiteke.
4. Ikasi alboka jotzen, hasi ostera pintatzen edota astindu gitarra trakets. Ingurua eta zeure buruari denbora gehiago eskaintzeko modu asko daude. Hartu denbora zuretzat.
5. Jarraitu berdintasunaren alde bizi eta aldarrikatzen. Eragin inguruan. Guztiok babestu eta onartuko gaituen gizarte justu eta parekideago bat osatzeko lan asko dugu aurretik.
6. Utzi dokumentuetan idatzitako karaktere kopurua gainbegiratzeari eta jarraitu idazten.
7. Euskal Herriko tontorrak zertxobait gehiago ezagutzen hasteko garaia da. Behin Hernio eta Andatzarako bideak ezagututa, zabaldu horizonteak, zoko-miatu bazterrak.
8. Erabili ezan gehiago noka, matraka alaen hori! Inguru euskaldun batean jaio izanaren pribilegioaren kontzientzia hartu. Eta zabaldu.
9. Irten hadi noizean behin kalera inorekin hitzordua zehaztu aurretik. Inprobisatu ezan. Hartu azukrerik gabeko kafe garratz bat heurekin eta eguneratu elkar.
10. Saiatu garaian garaikoa eta bertakoa kontsumitzen. Ez ezan ahaztu elikaduraren oinarri politikoa eta batez ere, birziklatu, berrerabili eta murriztu.
11. Ikasi bakarrik bidaiatzen, inoren behar eta mamurik gabe.
12. Urte berri honetan, datorrena datorrela, jarraitu bizitzen. Hire esentziari eusten. Helburu on edo txarrik gabeko, baina egunero oroitu beharrekoen zerrenda amaigabe hau elikatzen.