Duela gutxi sarean harrapatutako esaldi batek honela zioen: “Gu eta gure artea, ez gara martxoan bakarrik existitzen. Urte osoan existitzen gara. Ez gara sasoiko fruituak. Eta gauza bikainak egiten ditugu”. Eta halaxe da. Nahiz eta guretzat martxoak eta batez ere egun horrexek balio eta karga emozional handia izan, ez da oraindik egiteke dugun bidearen erakusle bat besterik. Oraindik borrokatzeko dugunaren isla. Harrigarria da zeharkatzen gaituen sistema honen nolakotasunaz jabetzea zenbat kosta daitekeen. Hala ere, ez nuke betiko diskurtsoan erori nahi. Aukeran nahiago, azkenaldian emakumeon ahalduntzearen alde sortu eta zorionez, zipriztintzen gaituzten ekimenen inguruan jardun. Eguneroko uzta emankor honekin batera, ikasten dihardugunaz aritu.
“Nahiz eta guretzat martxoak eta batez ere egun horrexek balio eta karga emozional handia izan, ez da oraindik egiteke dugun bidearen erakusle bat besterik”
Niri dagokidanez, azkenaldian Orioko Ahalduntze Eskolaren eskutik edan dut batez ere. Herriko emakumeen artean egunerokotasunean jasandako bortizkeria eta hutsuneak identifikatzeko helburuaz, diagnosi sakon bat gauzatu zuten iaz. Galdetegian, adin eta jatorri anitzeko partaidetza lortu zuten, eta herriko hainbat talde eragileekin zuzeneko saioak ere burutu zituzten. Eta emaitza hauen inguruko lanketa bat egin ostean, behar hauei erantzungo zien Ahalduntze Eskola diseinatzeari ekiteaz batera, emaitzok bilera ireki batean aurkeztu zituzten.
Hurbildu ginenon artean, aitortu beharra daukat nire harridurarako, gazteenetarikoak ni eta alboan nuen kuadrilako kidea ginela. Galdetegian, nerabe eta gazte askok parte hartu izanagatik, nabaria zen emakume helduagoen partaidetza datu eta emaitzetan. Errealitate ezberdinak plazaratu zituzten arren, guztiek zuten puntu amankomunen bat. Parte hartzaileak epaituak eta zenbaitetan baztertuak sentitzen ziren, bai adinagatik, sexu orientazioagatik, bizi eredu edo hautuengatik, hizkuntzagatik… eta presio horiek apurtzeko tresnak bereganatzeko premia sentitzen zuten.
Horri erantzunez, Ahalduntze Eskolak eskaini litzakeen jardunaldi edo saioen inguruko proposamenak batu zituzten. Zenbait alargunek, etxeko konponketen inguruko formakuntza jaso nahi zutela zioten. Baita gaztetxe inguruko neska gazteek ere. Auzolanean jarduteko gogoz, behin baino gehiagotan eta zenbaitetan norbere erabakiz, bazterrak txukundu eta garbitzera mugatu izan direla identifikatu zutelako. Baina aukera guztien gainean gailendu zena, emozioen kudeaketaren inguruko lanketa izan zela zioten. Eta hain zuzen, otsailaren 15ean burutu genuen saio zinez interesgarri huraxe.
Gustura azalduko nuke 4 ordu horietan bizi izandako guztia, baina ezin kabitu liteke hemen. Hala ere, ondorio nagusi bat azpimarratu nezake. Geroz eta gizarte indibidualizatu batean bizitzearen ondorioz, emozioak taldean plazaratu eta lantzeko zailtasunak geroz eta handiagoak direla. Eta horrenbestez, gune seguru eta afektibo berriak sortzeko inoiz baino behar handiagoa dugula. Baina saioaren amaieran garbi geratu zen, ez dagoela gainditu ezin den oztoporik. Beraz, larunbat hartan bezalaxe, besarkada erraldoi hartan sortutako goxotasunaz amaitu nahi nuke gaurko zutabea. Itxi begiak eta egin kasu barrenei. Hemen gaude, eta elkarren eskutik goaz aurrera. Sentitu, pentsatu eta ekin!