Egoera arrotz hau, baliabidez urri ez gabiltzanentzat, erronka psikologiko hutsa izan daiteke, eta ez nuke zehazki horrek suposatzen duen guztiaz aritu nahi. Ezta, gu baina egoera larriago eta prekarioan daudenez jabetu eta gehien behar duten horiei laguntza eskaintzearen garrantziaz jardun ere. Berehala sortu diren laguntza-sare jendetsuak nahikoa baitira gure kontzientziazio mailaz jabetzeko. Bejondeigula!
Testuinguru honetatik abiatuta, The Misantrahope Society taberna ezagutzeko gonbita luzatu nahi nizueke. Eta bide ematen badidazue, lokal honi izen ematen dion kontzeptuaz hausnartu nahi nuke.
Misantropia, grezieratik datorren hitza da: miso («gorroto dut») eta anthropos («gizon, gizaki»). Beraz, esan daiteke, misantropoek, pertsonekin tratua izatea gorroto dutela, edota pertsonak, espezie gisa gorroto dituztela, muturreko kasuetara heltzeraino (hemen koka genitzake historian emandako zenbait serieko hiltzaileen kasuak).
Aipaturiko tabernak, horixe aldarrikatzen du Taiwango kalexka estu batean. Depresio gogor batek jota, osasun mentaleko ospitale batean emandako denboraren ostean, gune misantropo bat gorpuztu nahi izan zuen lokalaren jabe den Chen Xiaoguaik. Prozesuan zehar, gaitzari aurre egiten lagundu zioten pertsonak ezagutu zituenak, eremu honetan bere gisako pertsonak ezagutu edota egoera zailetan aurkitzen direnak lagundu daitezenaren esperantza du.
Lokalaren antisozialtasunaren neurriaz jabetzeko, ez da bere leloa erreparatu besterik: “Gorrota ezazu mundu nahi beste”. Norbera da lehentasuna bertan eta ez da itxurakeriarentzat lekurik. Humore beltzak jositako paretak eta dekorazio goibela dira nagusi. Halako gunean, propio, inguruarekin bat egiten duten koktelak eskaini behar, noski. Horien artean, Ghost Island Tea (munduko uharte despopulatuei keinua), Kafkaesque (Franz Kafka idazle ezagunaren idazkera ilunari erreferentzia) edota No Longer Human (gizatasunaren aurkako aldarria) dastatzeko aukera eskaintzen da, bakardadearen edertasunari erreparatzeko gonbitaz.
Bada analogia hau, gizartearen azkenaldiko tendentzia aztertzeko adibidea izan daitekeela uste dut. Ez dakit ez ote garen misantropo samarrak bihurtu, dela telesailetako pertsona antisozial gero eta ugariagoen eraginez edota guk geuk jarritako egunerokotasunaren abiadaz. Sare sozialak bete ditugu purrustaz, baina norberari eragiten dioten gai indibidual gisa ulertuta hasi ditugu hari asko. Oraingoan ordea, Eider Rodriguezek Berrian zioen gisan, geure bizitzan lehenengo aldiz denoi batera gertatu zaigu zerbait. Eta bat-batean, leihoz barrura bizitza elkarbanatzen dugunokin jarri behar izan dugu aurrez aurre. Atera ditugu puzzle zaharrak, argazki hautseztatuak eta eraiki ditugu hitz aspertuak euren gainean. Zaintza gehixeago erdiratzen hasi gara, bizilagunaz arduratzen… eta ez dakit geure argi-ilun guztiekin, ez ote garen are humanoago sentitzen ari.