Etorkizuneko niari

Ez dakit, zuei ere hala gertatzen ote zaizuen, baina iraganera lotura handia mantentzen duen pertsona naiz. Begirada sarri atzera zuzentzen dut, zentzurik hobe eta txarrenean. Txarrenean diot, bizitzan gehien eragindako gauza edo une ez horren atseginetatik askatzea nahi baina gehiago kosta izan zaidalako; jakin badakidan arren, hartatik ere ikasi dudala. Eta zentzurik hoberenean, oroitzapenen bitartez, gauza baliotsuak jaso ditudan neurrian ematea gustatuko litzaidakeelako.

Aurrekoan osaba-izeben urtebetetze eta ezkontza urteurrenaren harira, haiekin partekatzeko bideo bat egitea otu zitzaien etxekoei. Mobilizazioaren dimentsioa irudika dezazuen, egin kontu nire amak zazpi anai-arreba dituela. Eta zuhaitzaren adar horri jarraituz gero, ni eta anaiarekin, guztira hamabi lehengusu garela, 3. jenerazioa perretxikoen antzera ugaritzen ari den bitartean, noski.

Izeba-osaba batzuk, urteetan aurrea doaz (barka iezadazue atrebentzia) eta nahiz eta laster, haien urte eskasetako bilobak teknologiarekiko trebeagoak izango diren arren, guztiek lortu zuten lotsak alde batera utzi eta kameraren parean jarriaz, malko eta algara festaren parte bilakatzeko keinuren bat osatzea. Bide batez, biba zuek!

Eta halaxe batu ziren bertso musikatuak, leihotik kanpora kantaturiko abesti zaharrak, azaña eta aldrebeskeriak, hitz goxoak eta errieta barregarriren batzuk, eta baita udako oporraldietan arroka zuloetan utzitako kontuak ere. Imajina genezaken arren, esango nuke ez ginela jabetu zeinen opari ederra sortu genuen bideoa osorik ikusi eta protagonisten esker onetan urtu ginen arte.

Keinu eta esketxen artean, bada bereziki entzutea gustatu zitzaidan mezu bat: diotenez, garunak momentu gogor edo txarrak ezabatzeko gaitasuna du. Baina kontrara, une gozo eta gogoangarriak betiko gordetzen dit. Horren adierazle da bideo hartan pilatu zen oro eta aizue, zeinen ederra den sentimenduok adierazi eta bihotzak zabaltzea!

Geroztik, iraganari ez ezik, etorkizunari begira jartzeko aitzakia ere izan dut. Oraindik ama izango naizen ez dakidan arren, gustura jasoko nuke halako sorpresa bat neure ondorengoetatik. Ordura arte itxaron beharrean ordea, nigandik abiatzea erabaki dut, horretarako FutureMe.org edoetorkizuneko nia” proiektua baliatuaz.

Webgune honen bitartez gutun bat idatzi diezaiokezu etorkizunari. Egin behar duzuna erraza da oso: osatu idatzi nahi zenukeen hori, sartu zure helbide elektronikoa eta aukeratu hemendik urte betera, hirura, bostera edo bestelako edozein data zehatzean jaso nahi zenukeen bueltan. Korreoa baieztatu eta itxaron besterik ez duzu egin behar. Ahaztu mezuaz, eta utzi bizitzak sorpresaz harrapa zaitzan.

Hasiera batean, ekimenari garrantzi askorik eman ez nion arren, duela urte batzuk, ikastolan egindako antzerako ariketa batez akordatu nintzen. Lehen mailan geundela, irakasleak heldu bilakatzean izan nahi genuen hori deskribatzeko eskatu zigun. Non bizi nahi genukeen, zertan lan egin edota irudikatu genezaken, edota amesten genuen hartaz libre eta zabal jarduteko. Eta behin, azken mailara heltzean, uda hasierako egun zirraragarriak puri-purian zirenean, itzuli zizkigun bueltan. Ez naiz mezuaz osorik oroitzen, baina badakit iraganeko niari ariketa serioxeago egin ez izana leporatu niola. Kosta egin zitzaidan irakurri nuen horrekin identifikatzea.

Oraingo honetan ordea, urte onek eskainitako aukera berri eta gauza onak balioan jartzeko erabili dut aukera. Oinak lurrean eta barrura begira jarri naiz. Eta zuk, zer esan edo gogorazi nahi zenioke etorkizuneko zu kuttunari?