Ontzia jaso duen gazte kuadrillak, botila berri-berria zegoela dio. Eta hau, plastikoaren iraupenaren erakusle garbia da. Botila hark, uretaratua izan denetik, imajinatzea ere kosta egiten den distantzia zeharkatu du. Kresala, eguzkia eta olatuen indarrak, ez dio askorik eragin. Oso-osorik iraun du eta ziur are gehiago iraungo lukeela, oraindik arrantzatua izan ez balitz.
Gezurra badirudi ere, plastikoaren sorrerak, natura bera du oinarritzat. Hari begira hasi eta zenbait materia naturalen propietate plastikoaren erakargarritasunak txundituta, plastikoa sintetizatzea erabaki genuen. Baina hasiera batean, etorkizunaren giltzarri zirudienak, jasangarritasunaren oreka hautsi du. Eta irtenbide logiko, higieniko eta erosoena zirudiena, klima aldaketaren eragile nagusia bilakatu da egun.
Arazo honek, bi zutabe nagusi ditu. Batetik, materiala bera sortzeko erabiltzen diren lehengaien jatorria (petroliotik erakarriak dira gehienak), eta hau eraldatu eta egokitzeko beharrezkoa den energia eta ur kantitate esanguratsua ditugu. Eta bestetik, plastiko gehienak erabilera bakarrekoak direla hartu behar da kontuan, eta beraz, geroz eta hondakin gehiagoren sorrera eragin dugula.
Azken puntu honi dagokionez, hona adibide bat: Indiako Ozeanoan 600 biztanle inguruko uharte batzuetan, 414 milioi plastikozko piezen artean, besteak beste 977.00 oinetako eta 373.000 hortz-eskuila aurkitu dituzte. Zoritxarrez, uharteok, biztanleria baino plastiko gehiago dute eurengan, eta urruti gabe, hondakin guztiok sortzeko, populazioa honek 4000 urte beharko lituzke gutxi gora behera. Esan gabe doa, hondakin guztiok, inguruko bizidunen eguneroko ogia bihurtu direla. Plastikoak gu irenstetik, animalia bizidun asko eta eurekin batera gu geu, hura irenstera heldu gara.
Hondakin hauek noski, munduko leku ezberdinetatik iritsi dira hara. Hain zuzen, aurrez aipatu botilaren antzera. Beraz, galdetu nahi nioke azaldu den botila honi, zer ikusi ote duen gure kostaldeetara bidean. Ea egunez egun darabiltzagun hondakinekin egin ote duen topo. Ea, galdutako arrantza sare askori egin ote dien izkin, edota, maskarila eta eskularruak marmoken nahastu ote dituen. Ez baita Indiako Ozeanora joan beharrik, egoeraren larritasunaz jabetzeko.
Badirudi urak guztia irensten duela, geure begi bistatik galtzen delako. Baina ez da hala, eta egoerari aurre egiteko ezinbestekoak dira birziklatzea, berrerabiltzea eta murriztea. Eta bai, guztiok dugu zer aldatua, arazoa konpontzeko.
Hasi bertako produktuak kontsumitzen. Barazki zatar eta okerrenak, plastikorik gabeak. Eraman oihalezko poltsa edo zakutxoak fruta pisatzeko edo ogia erosteko. Hasi soltean erosten. Garbiketa edo norbere zaintzari dagokionez ere, alternatiba ugari daude. Banbuzko hortz-eskuilak, kristalezko potoetan ontziraturiko eta jatorri jasangarriko gel, xaboi eta kremak. Imajinatu dezakezuen edozer dugu eskura, eta kontsumo arduratsuaren bidez lortuko dugu merkatuko eskaintza eraldatzea.