Zenbait koloreen nolakotasunak

Gaurkoan, ariketa batekin natorkizue. Udarekin batera, badirudi koloreak berpiztu egiten direla, eta armairuaren %70 beltza izanagatik, koloreekin jolasteko gogoz sentitu naiz.

Koloreek, euren existentziaz gain, testuinguruaren beharra dute, izateko. Bizitzaren parte den ororen antzera, gure pertzepzioa, inguruaren arabera aldatzen baita. Eta gu inguratzen gaituena bezain garrantzitsua da koloreek duten ingurunea ere.

Ez baita bera, horia, Donostiako Kontxako badiaren gainean aireztatzea edota udaletxeetako balkoietan oihal gorriaren gainean tartekatzea. Eztabaidaezina da hala ere, haizerik ezean, banderek trapu izaten jarraituko dutela edozein ezaugarri propio izanda ere.

Pertsona batetik bestera ere, koloreak modu ezberdinean hautematen ditugu. Baina hala eta guztiz ere, kolore bakoitzari, esanahi bat erantsi nahi izan zaio urte luzeetan, eta gugan eragin dezaketenaren erakusle da, publizitate zein marketinean ematen zaien erabilera.

Koloreen eta emozioen arteko lotura beraz, uste baino estuagoa da, eta zientzia espezializatu bat garatzerainoko gorabeherak gordetzen ditu beregan. Hain zuzen, Goethe poeta, nobelista, dramaturgo eta zientifiko alemana izan zen bidea uztartu zuen lehenetarikoa, << Koloreen Teoria >> plazaratuaz. Liburu haren bitartez finkatu zituen, gaurdaino garatu diren oinarrietako batzuk, eta jakintza titulutan neurtzen duen gizarte batentzat harrigarri suertatu daitekeen arren, garaiko teoria Newtondarren aurka zioan bere pentsaera.

Goethek osaturiko koloreen gurpilaren antzera, honatx nire egunerokotasuna osatzen duten zenbait koloreen nolakotasunak:

 

Horia

Kolore piztua den kasuetan bizitasuna iradokitzen dit. Argia, eguzkia, udako egun sargoriei dariena. Aldizkari hauxe. Ziztuan irentsi nuen Charlotte Perkins-Gilmanen “Hormako Paper Horia” liburuaren zaporea. Zoramenaren kolorea. Eta apala edo errea den kasuan, ahultasunarekin lotzen dut. Indargabetasuna, edota gaixotasunarekin. Orbel ihartu eta goibel, edo ahoratu gabeko izozki urtuekin.

 

Gorria

Debekuarekin lotzen dudan arren, bada nigan pisu gehiago duen alderdi bat. Soinean daramadan dena delakoari jaramonik egin gabe ezpainak margotzen ditudanean biltzen nauen zirrara. Irribarre zabalen pizgarria. Gorputzera bueltan naramana. Erraietara itzularazten nau. Odola nabari dezaket borborka, uteroa bihotz taupadaka. Alaine Agirreren Odol Mamituak liburua oihuka, eta osasun mentalaren enigmetan barrena narama.

 

Urdina

Itsasoa eta kresala. Aukeran nahiago garbia eta hondakinik gabea bada. Aparren bitsa, txoriek zeharkatutako zeru-ertza, eta duela urte batzuk horren ezaguna ez zen, baina geroz eta bisitatuagoa den etxe ondoko hondartza basatia. Itsasontziak eta kaiak. Arrokak eta karramarroak. Bermeoko Talako Kantina eta Ekaitz Goienetxearen Zaldi Mamarroa nobela. Drogak, eta odol emateetan soilik zulatu ditudan zainak.

 

Berdea

Lurra eta natura. Belardiak eta landaredi bizia. Harmonia eta oreka. Mendiak, puntara bitarteko arnas estuak eta pinu gaixo edo eukaliptoez baino, jatorrizkoa zuhaitz osasuntsuez osaturiko paisaia zabalak. Jean Giono Frantziarra eta alpeetan Haritzak landatzen zituen gizonaren kontakizuna.

Armairua ezean, zuen irakurketek osatzen duten barne liburutegia zertxobait koloreztatzen jarraitzeko amua duzue hauxe.