Hala ere, ezarritako mugen artean, garapen edo zaintzarik jaso ez duten alderdiak ere egon ohi dira. Eta gure mendietan gertatu ohi denaren antzera, zakar eta sasiak bazter ugari hartzen ditu, hainbeste urteetan mantendu den joko-eremuaren nolakotasuna estaltzeraino. Hau irudikatzeko, demagun, Samuel L. Jackson-ek eskuartean eusten duen euskarazko mezu famatua imajina dezakezuela. Ez ote da bitxia zenbateraino poztu gaituen mami gabeko keinu sinple honek? Ez ote da Euskarak jasaten duen zapalketa goxatzeko dugun beharrak, edota orain arteko atentzio faltak sorturiko sentimendua?
Belaunaldi bat, ustez, garai antzerakoan jaio edo bizi den jende multzo batek osatzen duela esan ohi da. Muga zehatzik ez dagoen arren, sailkapen orokor bat egin izan da historikoki. Eta ez dakienarentzat jakin, dagoenekoz Bigarren Munduko Gerraostetik hona, X, Y, eta Z multzotan banatu gaituztela.
Bestalde, jakin baita ere, askok eta askok, oker sailkatzen eta kritikatu ohi dituen ditxosozko millenial edo milurtekoak, bigarren hizki horrek barnebiltzen dituela. Jakingo duzuen eran, belaunaldi hau, oro har, komunikabide eta teknologia digitalekiko erabilera eta trebetasunak markatu du. Nire sorpresarako ordea, duela ez asko jakin nuen, 90. hamarkadatik aurrera munduratu ginenoi, talde honetatik kanpo utzi gintuztela. Eta beraz, aitortu beharra dizuet, neure burua Z hizkiaren multzo horretan lekuz kanpo sentitzeko beldur izan nintzela.
Baina, ez. Sailkapen txatxu horrek ezer aldatzen ez duelakoan, nire inguru hurbileko deskribapen arin bat egitera natorkizue. Eta bai, agian arrazoi duzue. Gai astun samarrarekin bueltatu naiz zuongana, baina uda amaitu dela azpimarratu eta serio jartzeko beharra aitortuta, akaso barkatuko nauzue.
Gu, Z-tarrok, sare sozialen seme-alabak gara. Baina tentuz, oraindik taldekideon zati handiena, ez baita sarea euren seme-alaben argazkiez josten hasi. Eta ez, kontrara, nekez aurkituko duzue gurasoek zintzilikatutako gure ingurukorik.
Guk Z-tarrok, ordenagailuaren teklak zanpatu eta gastatuaz osatu ditugu ikasketak, irentsi masterrak eta zerrendatu titulazioak. Baina gehientsuenok, ez dakigu mekanografia zer denik ere. Eta presati eta zangotrabaka idazten ditugu testu digital gehienak.
Z-aren bueltan biltzen garenok, gurasoek ordaindutako ikasketen parte ezinbesteko egin ditugu herrialde arrotzetako egonaldiak. Etxearen falta sumatzen hasi garenerako bueltatu behar izan dugu ordea. Eta bizitza horren erraza ez dela jabetzeko astirik izan gabe, maletak hustu eta erantzukizunez bete zaizkigu eskuak.
Baina gu, azken hizkikook, urteetako krisi bitxienean topatu gara gainerakoekin. Eta aurrez idatzita ez zegoen hori idazteko, lokatz eta sasitan galdutakoak lekualdatzeko, eta gauzak hobetzen hasteko unean gauden horiexek ere bagara.