Agian, garai pandemikootan, olatuak metrotan neurtzea bitxia irudituko zaio baten bati. Baina jakin behar genuke, kasu honetan ere, azterketa zientifiko baten beharra izaten dela neurketarako. Dena den, kokatu ezinean dabilen orok, sarean zintzilikaturiko irudiak ikusi besterik ez luke ekintzaren nolakotasunari benetako neurria jartzeko. Ziur aski, kostako zaio ileak azalera makurtzea. Itsaso ilunaren handitasunak, errespetua sortzen baitu bere baitan. Dena den, ozen eta azkar pentsatzen hasita, Maya berari, artisau izateko zer falta ote zaion pentsatzen jarri naizenez, aitzakia honetatik abiatuta, aspaldian bueltaka dabilkidan gaiari heldu nahi nioke.
Zorionez, txikitatik izan dut, eskuz lana egitearen garrantziaz jabetzeko aukera. Izan lurra lantzerako orduan, zein ingurukoren ordaindu gabeko edota soldatapeko lan-jardueretan. Eta nahiz eta ekintza gehienak mekanizatu ditugun, badira katebegian ordezkatu ezin diren lanak. Ikasketarik gabeko aitona-amonek, ikasketez gainez egindako ilobei erakutsi beharreko gauza asko ditugu kontabilizatu gabe. Eta harea eskuetan nola, jakintza ihesi sentitu dezakegun arren, esango nuke neurri handi batean, behar hau baztertuaz ekonomia zirkularra edota berrerabilpenaren kultura gutxiesteko modu sinplea elikatu dugula.
Akorduan baino, eskuetan darabiltzat oraindik aitonak egindako eskuareak. Apurtutako plastikozko erratz eta fregonei ordezkaturiko egurrezko kirtenak. Oroimenean, Ama eta amonak jostun izan gabe, baina beharrak erakutsita, han-hemenka erantsitako petatxuak. Eta duela gutxi ikasi dut, osabaren eskutik, larruzko gerriko berria nire neurrira apropos egokitzeko modu egokia.
Hala eta guztiz, bizitzaren gauza sinple eta ederrok jasotzeko aukera izanagatik, kezkatu egiten nau, halako hainbat gauza barneratzeko gaitasun ezak. Barneratu ez ezik, haietaz jabetzeko gai ez izateak. Beharrak baino, kasualitateak eraginda bizi garenaren sentsazioa baitut.
Urruti gabe, hona hemen lehengo asteko pasarte bat. Neguari aurre egiteko beharra sentituta, gordeak nituen txamarra eta oinetakoen artean nenbilen igerian. Horien artean, banituen oso gustuko nituen bota labur batzuk. Urte pare bat edo gehiagoz ibiliak, eta dagoeneko oinari ezin apropos egokituak. Leihotik kanpora hotz giroa usmatu eta gogo biziz heldu nien, zer moduz jarraitzen ote zuten jakiteko.
Baina zapata zolari begiratu eta, urte luzez amak egotzi izandako hanka oker izaera berrestu nuen ostera, oinen barrualdeak kanpokoekiko nabarmen akituak zeudela aztertuaz. Lehen pentsamenduan, berriak erosi beste aukerarik ez nuela ondorioztatu nuen, eta bai alfertu aurretik, kalera irten ere. Iaz, oinetako berberak noiz nahi ikusi nituenez, esperantzaz gainezka sartu nintzen dendara. Baina nire harridurarako, “ez maitea, aurten ez dituzte atera” goxo bat jaso nuen bueltan. Beraz, errendituta, beste batzuk aukeratu eta autorantz abiatu nintzen. Etxeratzerako ordea, herriko zapatariari eraman besterik ez nuela errepikatzen nion behin eta berriz neure buruari. Beraz, aurten, konpondutako boten eta berrien arteko norgehiagokan jardungo naiz. Ea hurrengoan.