Izatez, berdegune edo ingurune naturalek osasun mentalarekiko duten lotura, ez da aztergai berria. Duela urte batzuetatik hona, alor honen inguruko makina bat ondorio eman dira aditzera. Besteak beste, badira, berdegunez inguratutako ospitaletako gaixoak, ingurune apal edo grisetan kokatzen direnak baino lehen osatzen direla aztertu duen lanketarik.
Inor gaixotzen hasi aurretik ordea, bada ia gu guztiok zaurgarriagoak izan gareneko garai bat. Munduratu eta inguruak bildu gintuen momentu huraxe, hain zuzen. Beraz, arazoaren errora joanez gero, premiazkoa litzateke begirada haurtzaindegi edota jolasguneetara bideratzea. Izan ere, 900.000 pertsonen kasuak barnebiltzen dituen aipaturiko ikerketa horrexek, berdegune maila txikienekin hazten diren haurren artean, arrisku psikiatrikoa %55 areagotzen dela erakutsi zuen.
Zorionez, gure lurralde txiki honetan, baditugu hezitzaile, guraso eta irakasle arduratsu ugari. Bai eta Zubietako Haureskolaren jolas eremuaren antzera, Euskal Herriko txoko ugari jasangarritasunez berreraikitzen dabiltzan Kimubat gisako proiektu berezirik ere. Halakoei esker, noizbait, tximinoen gisan eskura genuen helduleku eta gainazal guztietatik zintzilikatzen gineneko eremuen iruditeria aldatzen hasi da. Kolore biziko, plastikozko material artifizialak desagertzen. Eta trukean, euriak bustitako lurraren usain gozoa gailentzen hasi da ostera. Egurraren testura irregular bezain etxekoa, zutitzen. Eta horrenbeste zaindu nahi genituzkeen txikienak, naturaltasunez eta naturaz esperimentatzen.
Dena den, eremu hauetatik kanpo egin beharreko lanketa ere, ez genuke ahaztu behar. Parkeetan lekurik ez dugunok edota hurrengoei lekua utzi diegunok, beste espazio batzuetan eman behar izaten dugu eguneroko bizimodua. Eta naturarekiko harremana, ez da soilik espresuki igotzen ditugun mendi gailur, zeharkaturiko baso zabal, ibai fresko eta hondartza garbietan sortzen. Ongizate hau, ordenagailu aurrean gogortutako hankak luzatuaz, hiriguneko belardi batean paseatzeak elikatu dezake. Edota, besterik gabe, etorbideetan landareak hormigoi edo asfaltoz ito ordez, behar eta merezi duten espazioa emate hutsaz. Beraz, hiri zein herriak osatzeko darabilgun arkitektura edo egitura moldeen garrantziaz jabetu eta hausnartu behar genuke, ezertan hasi aurretik.
Bien bitartean ordea, bada bidean zehar lagundu gaitzakeenik. Horien artean, Sounds os the forest deritzon proiektua ezagutu dut orain dela gutxi. Mundu osoko zuhaizti edo basoen soinuak biltzea du helburu, bertako doinu inguratzaile eta testurak batuaz, soinu-mapa bizi eta zabala osatzeko aburuz. Soinuok, kode irekiko liburutegi bat osatzen dutenez, edonork entzun eta sortu ditzake kokapen bakoitzari erantsitako audioak. Guztira, 50 herrialdetatik gorako 550 bat pertsona jardun dira minutu eskaseko audioen bilketan. Eta etxe inguruetako espazio natural eta bizidunen hotsok, artista jakin batzuen sormen iturri bilakatuko dira, hurrengo urteko Timber Festival 2021, Erresuma Batuetako meatze industriak soildutako lurretan berreskuratzea lortu den paraje ikusgarrian, naturarekiko harremana goraipatzen duen jaialdian.