Galdetzen didan orori, Mexikok berezitzat zer duen azpimarratzekotan, nahaspila hori osatzen duen jendeaz hitz egiten diot. Jende horrexek mantendu baitu lurralde honi darion esentzia anitz eta eroa. Mantendu ditu herri bakoitzeko ohiturak, musikak, jantzien koloreak, otordu, edari txundigarri eta guzti hau biltzen duen festa eta bizi poza. Dena den, lerrootan ez dut Mexiko den eta ez denaren inguruan jarduteko intentziorik. Lurralde bakoitzak baititu bere alde ilun eta argiak. Baina kasu honetan, alderdi eder horrek du azaldu nahi dizuedanaren pisu nagusia.
Aurrekoan, Hondartza galduan kantuarekin tematuta nenbilen. Sarrionandiaren hitzak, Ruperren ahots eta musika inguratzaileak maisuki osatzen dituen abestian galduta. Moila zaharra, etxalde pobre bat zurezko etxeekin, itsasoa sargazo eta medusez jantzia. Norbait, lagun izoztu bat agian, edo zu zeu, izenik gabeko hondartzaren parte. Hau izendatu edo ez erabakitzen. Agian beste nonbait egon beharko zenukeela ebazten. Memoriaren mapa marrazten. Eta nola ez, denbora. Itsaso eta behatzen ari zaren egunsenti eder hori bezain zeurea den denbora. Eta kantuaren amaiera lehertzeko horren ezaguna den México lindo y querido esaldia. Eta adioa.
Noski, letren atzean dagoen istorioa guztiz bestelakoa izanda ere, gizakiok badugu gure esperientziak guztiaren gainean eransteko gaitasuna. Eta ni ere, hantxe gorpuzten naiz, nire uneko zalantza eta beldurrekin. Itsas bazterrean, olatuak oinetan kolpeka, uhinak zerua eta itsasoa banatzen, eta ni unearen edertasuna ezin barneratuta. Benetan han ote nagoen, eta batez ere haraxe, zerk eraman ote nauen ulertu ezinda.
Kanta hau aditzen dudan bakoitzean nahasten zaizkit barrenak, eta gehientsuenetan, denboran zintzilik mantendu ditudan orduko harremanetara egin ohi dut salto, elkarri, gure bizitzez zer ote den galdetzeko. Baina oraingoan, kanta bera eta nigan sortzen zena lagunekin partekatzeko beharra sentitu nuen. Eta neronek itzuli beharko banu, zirrara bertan behera desegingo zenaren beldurraz, abestiaren itzulpen txukun bat topatzen hasi nintzen sarean. Eta bai zorionez topatu ere. Eta hantxe bidali nuen esteka. Memoriaren hutsuneak beteaz. Eta jaso nituen erantzun zinez ederrak eta behar nituen galdera transzendentalak.
Mezuen artean, lagun min batek, bidalketa baten datuak pasa zizkidan opari bat jaso nezan. Moduren batean edo bestean, nire hemengo helbidea lortu baitzuen Carlos Cifuentesen La región más transparente liburua ezustean bidaltzeko. Eta pare bat egunean ordu batzuetako bideo dei batean ikusi genuen elkar aspaldiko partez. Bizitzaren kasualitatez. Hemengo ordu txikitan, eta 7 orduko aldeaz, han.
Eta ebatzi genuen, denbora ez dela geronek asmatutako neurri edo erreferentzia bat besterik. Geure bizitzak ordenan jartzeko trikimailu sinple bat. Eta egunotan irakurtzen nabilen Gorputz Madarikatuak liburuan Lucia Baskaranek dioen bezala, heldutasunaren antzera, denbora bera erlazio, objektu, eta esperientzien pilaketa bat dela sentitu nuen, inoiz baino gehiago. Eta neronek eman nahiko nioke neurria.