Zientziara joz gero bestalde, dezibelioen eskala bidez ordenatzen dira soinuaren intentsitate mailak. Isiltasuna, 0 dezibeliotan (dB) kokatzen da. Hustasunean. Soinuaren gabezian. Eta hemendik gora, mailaz maila, dB kantitate bati lotzen zaizkien soinuen tarte batzuk definitzen dira. Inguratzen gaituzten eta kanporatzen ditugun uhin ikusezinak moduren batean katalogatzeko, nolabait. Dena den, eskerrak zientziaren munduan praktikotasunari mesede eginez, halako eskalak bizitza errealeko gertakizun edota erreferentziekin alderatu ohi diren.
Izan ere, 0-10dB tartea, arnasketa lasaia edo urrats bat ematearekin parekatu liteke. 20dB–ko hotsa sortu dezake haizeak zuhaitzak leun astintze dituenean. 30dB-tan mantentzen omen dira elkarrizketak ahots baxuan. Eta hemendik aurrera, zarata-mailak txikitik ertainera egiten du jauzi.
Antza, 40dB-tatik aurrera gauzatzen dira elkarrizketa arruntak. Hasten da sortzen liburutegi edota ustezko jarduera gutxiko gela bateko giroa. Hala esnatzen omen da egun lasai bat mendian, olatuen hotsa itsasoan edo irudika genezaken edozein eremu lasai. Ziurrenik, hemendik gora kokatu beharko nuke txikitan herriko elkarteko otordu osteetan sortzen zen iskanbila. Nahiz eta, nintzen haur hark, zarata maila minimo hura behar zuen mahai likatsuan burua bermatu eta lokartzeko. Beraz, esango nuke norberak bere mailakatze eta eskala propioa duela memoriaren mapan.
Zarata-maila arrunta 50dB-koa omen da, jendeaz arinki betetako gela, bulego edota kale ez horren jendetsuetan. Garai bateko etxetresna ez horren isilen jarduna ere, hemen koka genezake. Eta akaso zuek ere pentsatu duzue, etxetik lanean daramagun hilabete hauetan inguratu gaituen giroak, bigarren adibidetik gehiago duela lehenengotik baino. Izan ere, kosta egiten zaigu, elkarrekin kaleak gainezka bete, bizi eta gozatzen genituela noizbait, ustezko 55-65dB-tan, baina inongo mugarik gabe.
Eztabaidak bestalde, isildu partez, digitalizatu egin direla dirudi. Lehen 75dB-tan zuten oihartzuna esponentzialki hasiaz gainera. Eta pandemiak berak ere, sare eta hedabideak bereganatu dituen arren, bilatuz gero behintzat, betikoen mesedetan erabilitako tresnok zalantzan jartzeko aukera ere izan da.
Eta hemendik aurrera, 80dB-tik gorako hots jarrai eta iraunkorrak kaltegarriak izan omen daitezke. Tren baten ibilaldia, fabriketako makineria, suhiltzaileen sirenak edota manifestazio zaratatsuak esaterako. Dena den, jakina da batzuek, hauetako zenbaiten aurrean entzungor egiteko superbotere berezi eta ahalguztiduna dutela.
Ez dakit neroni naizen soilik, baina zarataren falta sumatzen dut. Kutsadura akustikoa zer zen ere ahazten hasia nago. Eta nahiz eta jende askori esker, oraindik kontzerturen batean estaltzen ez dugun aurpegi zatietan elkar identifikatzen saia gaitezkeen, zerbait falta da. Badirudi musika, zarata, ez dela bera. Aulkietan urtu beharrean, dantza betean eta elkar ukitzen egon nahi genuke, besoa bizkarretik pasa eta besarkatuta kantari.
Isiltasunak balioa galtzen du norberak hautatzen edo bilatzen ez duenean. Zarataren antzera, epe jarrai eta iraunkor batean luzatuz gero, kaltegarria izan daitekeelarik.