Jaso eta itzultzeaz

Hatz erakuslea kokatu kristalezko lauza honetan. Biratu pixkana eskuinerantz, laser gorriaz, zeure zeureak diren markak atzeman nahi ditugu. Primeran ari zara, itzuli erdirantz eta jarraitu beste alderantz leunki. Bai, hatz erakuslearen zatitxo hauxe, aski da zeure nortasuna identifikatzeko. Zeure berezitasuna azpimarratzeko. Munduko hiritarrak elkarrengandik bereizteko adina informazio daukagu zati honexekin. Azal zati ñimiño hau erabat apartekoa da guztiongan. Ez omen daude pareko bi. Eta agian hauxe bakarrik gara sistemarentzat.

Beraz, zertara dator garena elkarren artean etengabe konparatzeko behar hori? Ez al gara aski ezberdin, berezi, aparteko eta bakarrak. Agian neroni naiz, konparazioen zama aspalditik gainean nabaritu duen bakarrenetarikoa. “Ez zara berekoia baina, zure anaia eskuzabalagoa da. Ez zara hotza edo lehorra, baina kasu egin zenezake argiago, muxuak garestiak dituzu. Esango nuke familiako kide honen aldera irten zarela, txikitatik izan zara arduratsua ikasketetan. Argaldu egin zara. Ilea gehiegi luzatu zaizu. Baita bibotea ere.” Itogarria zen, halakoen zerrenda amaiezin bati aurre egitea erabaki nion arte.

Aurre egin diot, baina, zehatzagoa litzateke halakoei erantzuten hasi nintzela esatea. Batez ere gurasoen aldetik jasotakoak zirenean. Azaldu nien, ez nuela onurarik jasotzen halakoetatik, baizik eta kontrara, ito larria eragiten zidatela. Eta elkarrengandik asko ikasi dugula esango nuke geroztik. Baina lehen fase hau, 5 kaxkar batez gainditu ostean, bizitzak eta egoerek etengabe konparatzen jarraitu nautela esango nuke. Eta agian, honekiko konplizeagoa bilakatu naiz. Ez dakit esaten ordea, pizti madarikatu hau osasuntsuki elikatu ote dudan.

Izan ere, askotan aztertzen dut duela urte batetik hona emandako ibilbidea. Iragandako zenbait pasarte aztertu eta aldatu nahi nukeen horri erantzun bat emateko bideren bat topatu nahian akaso. Eta pentsatu nahi dut, azterketa honetan, moduren batean edo bestean konparatzeko ekintza horri beste zentzu bat eman diodala. Adiskidetu egin naizela berarekin. Etxekotuaz eta neurri batean otzanduaz.

Eta atzera begiratuz gero identifika ditzaket lanpostu berri bat, kafe makina zaharkitu, helduaro bitxi eta inguratzen nauen harreman sare berezi eta osatuago bat. Ohiko lekuetatik kanpo eraikitako gaurkotasun emankor eta berde bat. Eta honen guztiaren gainean hazten eta hezten ari den hori guztiori. Eta, ez dakit zehazki noiz hasi nintzen hazi berriak ereiten. Baina, badakit poztu egiten nauela, sukaldera sartu eta aurreko egunetan, pure eta marmeladatan desegin genuen kalabazaren haziak lehortzen ikusteak. Noizbait horretan hasi izana oroitzen didatelako.

 

ALAZNE ARRUTI

“Zenbait liburutegitan, liburuez gain, haziak ere partekatzen dituzte. Mailegu moduan eskainiz, nahi eta behar dituen orori”

 

Eta gaurkoan, ekimen berri bat ezagutu dut honi hertsiki lotua doana. Izan ere, zenbait liburutegitan, liburuez gain, haziak ere partekatzen dituzte. Mailegu moduan eskainiz, nahi eta behar dituen orori. Zertan datzan maileguak? Bada, trukean, hauek landatu eta hazten direnean euren fruituetatik jasotako hazi berriak itzultzeko konpromisoa eskatzen dute. Honela, belaunaldi berri bat sortuz eta atzetik datozenei ere aukera bera emanaz. Eta noski, jakintza eta gomendioak ere pilatzen doaz gune hauetan. Hasi berrientzat zein, bidean zehar oztopoak topatu dituztenentzat lagungarri.

Eta esango nuke, eredu hau ere geure bizitzetara ekarri genezakeela. Ingurutik jasoa, ostera inguru hori ontzeko erremedio izan daitekeela. Zaintza jaso ostean, eman eta zabaltzeari ere garrantzia eman behar geniokeela.