Landa ditzagun kuleroak

Duela urte batzuk, koskortzen hasia nintzela, Donostiako nanoGUNE ondotik pasatzean, bertan lan egitea gustatuko litzaidakeela pentsatzen nuen. Bitxia eta txundigarria iruditzen zitzaidan, gauzak horren xehatuta aztertzeko aukera izatea. Izan ere, nano Nazioarteko Unitate Sisteman 10-9 faktore bat adierazten duen aurrizki bat da, eta antza, grezierazko νάνος hitzetik dator, “guztiz txikia” den oro deskribatzeko ahaleginaz.

Garai hartan ez nekien askorik zientziaz. Noizean behin telebistan ikusten nituen zientzialariak jardunean, Teknopolis telebista-saioaren atalen batean, edota kasualitatez, interesa pizten zidan dokumentalen batek harrapatzen ninduenean. Zientzia ezezaguna zitzaidan ordea, bata zuri batez jantzi eta teleskopioak baliatzeko aitzakia erakargarri bat.

Gerora izan ditut hainbat entretenimendu bide. Liburuak eta literatura, kirola, artea, natura, animaliak, harremanak... bai eta ikasketetan lantzen genituen materia zientifikoek elikatzen zuten jakin-mina ere. Eta erabaki potolo samarra izanagatik, gutxien ezagutzen nuen azken hori asetzea erabaki nuen goi mailako ikasketekin.

Dena den, askotan pentsatu izan dut, eskolan ikasgaiak zein modutan uztartu behar liratekeen. Edo hobe esanda, garai hartako bidean hutsunerik sumatu ote nuen erabakiak hartzerako orduan. Eta azkenean, hezkuntzako langileen arduraz pentsatzen amaitzen dut. Nola piztu zaletasunak umeengan? Nola zabaldu ateak euren bizitzetan sortu dezaketen irudimenari? Nola lagundu etorkizunean beharko dituzten tresna horiek eraikitzen? Eta erantzunak baino, galderak besterik ez ditudanez, honaxe, garai hartan zientziara gerturatuaz gauzatzea gustatuko litzaidakeen ariketa bat ekartzea otu zait.

Esperimentu honen helburua, lur gramo eskas batzuetan bizi diren hamar miliar inguru organismoek gauzatzen duten funtsezko lana ezagutzea da. Zer baliabide behar diren horretarako? Bada, ez da beharrezkoa laborategi itxi batera joatea. Eta honexegatik agian, ariketa hau egungo egoerara primeran egokitzen dela esan daiteke. Izan ere, aski da lorategiko espazio bat baliatzea. Edota, pandemia garaian honen falta sumatu dutenentzat aldiz, nahikoa litzateke loreontzi bat izatea.

Bizidun ñimiñook, kate isil eta eraginkor bat osatzen dute, gizakion jardun inbaditzaileari eta honek sortzen duen estresari aurre egitera behartuak dauden bitartean. Intsektu edo zizareak, materia organikoa birrintzen dute batez ere, eta onddo edo bakterioek aldiz, deskonposizio bidez askatzen dituzte elikagaiak. Beraz guk, belardiak lasai eta zabal zanpatzen ditugun bakoitzean, lurpeko bizitza basa lanean ari da etengabe. Nola gerturatu gintezke mundu honetara?

Bada, Peggy Doyhenart irakaslearen testigantza jaso du `Mediabask´-ek, zeinak Errecart Lizeoan, bere ikasleekin batera kolore zuriko kulero edo galtzontziloak lurperatu dituen, baratza, lorategi zein loreontzietako lurretan. Bi hilabete inguruko lurperatzearen ostean, jantziak berreskuratu eta euren artean eman diren deskonposizio motak aztertu dituzte, kasu bakoitzean erabili den lurraren egoeraz jabetuaz.

Ekimen hau baina, Frantziako Trantsizio Ekologikoko Agentziak (Ademe), “Landa ezazu zure slip-a” izenpean proposaturiko erronka da, izan ere Lur planetako lurren %60a gogorki degradatua dagoela eta urtero hiri hedapenaren ondorioaz 11 hektarea inguru galtzen direla ohartarazi du. Erronka hau irudikatzeko gainera, mapa interaktibo bat jarri dute martxan, eta pixkanaka ekimenaren hedapena ikusi daiteke bertan. Bizi dugun lurzoru eta inguru honen zaintza uztartzeko, aukera bikaina izan daiteke. Beraz, zergatik ez hasi kuleroak landatzen?

 

Mapa:

https://maps.sumwhere.co/?theme=902