Numidak, transhumante abeltzainak omen ziren izatez, euren abereekin hara eta hona ibiltzen zirenak urrutiko larre aldaketak eginez. Produktibitate aldakorrari aurre egiteko, inguruari egokituaz etengabe mugitzen zirenak. Denborarekin, sedentarismora egokitzen hasi eta klanetan banatzen hasi ziren arte. Eta grekoek, erresuman barneratu ez ezik, euren hizkuntzara ere ekarri omen zituzten nomas edo nomados gisan, kontzeptu berri hau euren nomos adieraren erroarekin bat eginaraziz.
Ezagun ditugun nomadak ordea, toki batetik bestera mugitzen diren komunitate eta giza taldeak dira. Ez dute euren kokapena, aktibitate nagusi baten baitan aldatzen. Ez dute oinarri iraunkorrik. Abian doaz etengabe. Inongo lurrari betiko lotu gabe. Agian, beharraz baino, ohituragatik aurrera jarraitzen. Galtzekorik gabe, baina norabait galduaz eta egiazki, zapaltzen duten lurra birritan zapalduko dutenaren ziurtasunik gabe.
XXI mendean ordea, nomadismoa ez da soilik herri indigenetan gauzatzen. Geure pribilegioetatik egindako irakurketaz, nomadatasun berriak sortu ditugu. Naturarekin loturan, lurra higatzen jarraitzeko aukera berriak erdituz.
Oroitzen dut nola duela urte batzuk, Europa iparraldetik behera zetozen autokarabanadun jubilatuak ikustean sentitzen nuen halako inbidia edo kuriositate moduko bat. Noizbait euren gisan ibiltzeko aukera izango nuelakoan, baina zenbait urte gutxiagorekin. Lau gurpil birakari, errepide luze bat eta gorputz bizidun bat ezezaguna denaren bila.
Bestetan, zeru marratura burua altxa eta han irudikatzen nituen hegazkinak jendez gainezka. Itsaso eta mendikateen gainetik zehar hegaz. Lainoak, oztopo eta mugarik gabeko mundu batean biziko bagina legez birrintzen. Inoiz benetan, lurretik oinak altxako ote nituen jakin gabe. Eta akaso, ordutik hasi nintzen bidaiatzea eta arrakasta, banatu ezinezko kontzeptuak zirenaren ideia hutsala elikatzen.
Egun, Estatu Batuetan nagusiki, nomada teknologikoen ideia ustez erakargarriaz harago, bada azken mendeko nomadatasun berririk. Izan ere, 2008 urteaz geroztiko krisialdi ekonomikoak ez du errukirik izan inorekin. Inolako babesik gabe eta hipotekek itota, milaka sasoiko behargin helduk euren etxebizitzak berrantolatu behar izan dituzte, furgoneta, karabana edota irudika ditzakegun edozein formako garraio/bizilekuetan. Eta noski, Amazonek berak esaterako, esku lan merkea bermatzen jarraitzeko aukeratzat baliatu du, guzti hauentzat hainbat aparkaleku alokatuz. Eta halaxe, ia ohartu gabe, krisiaren aurrean bizirik dirautenek komunitate berri bat sortu dute, nomadatasunean. Noizbait izan zuten bizitzaren itzal bat, promesen estatuaren parte izateari utzi gabe.
Komunitate baten parte izateak ordea, ez du inolaz bermatzen bakardadeari izkin egitea. Eta akaso, horixe da Nomadland pelikulak oroitarazi didan ideia nagusia. Parez pare jarrarazi nau izutzen nauen horrexekin. Bizitzari neure kasa eta bakarrik aurre egin beharraren aurrean. Oraintxe, inguruari inoiz baino lotuago nagoen garaian bertan. Eta aurrez irudikatuko ez nukeen helduaro eredu bati, ordezko bat bilatzen hasi naiz. Inguratuko nauen komunitateari forma ematen. Etengabe ahaldunduko nauen egunerokotasun bat osatu nahian.