Besteak beste, zurrunbiloaren eragile eta protagonista, Valoniako (Belgika) nekazari bat zen. Erraz irudikatu nuen gizona eta haren ingurua, lasai antzean esnatzen. Oilarren bat orduantxe kukurrukuka hastear zela, egunero moduan. Goizaldean jaiki eta baserriko lanei ekin aurretik, katilukada bat kafesne berotu eta zurrupaka edaten hasiko zen akaso. Abia hartu eta egin beharrekoen zerrenda mardulari hozkatzeko prest jaikiko zen, bart soberan geratutako ogia txigortzeko konbentzimenduaz. Baina egun hark, izango zuen berezitasunen bat. Aspaldidanik bere lana oztopatzen zuen gaiari irtenbide emateko erabakiz iratzarriko baitzen arrazoiren batengatik. Eta gehiago atzeratu nahi ez zuen egiteko berri bat gehitu zuen gizonak bere zereginen artean.
Aipaturiko oztopoa, mardul askoa zen gainera. Duela askotik (1819 urtetik, zehazki) 150kg-ko harritzar batek oztopatzen baitzion jarduna. Eta traktorearen erabilera mugatzen zion harri koskorraz nazkaturik, bere lur-eremutik kanporatzeko erabakia hartu omen zuen. Eta kementsu, huraxe lekualdatu eta basoaldean utzi zuen. Ekintza sinple eta inozente hark, zer nolako garrantzia izango zuen imajinatu gabe.
Eta batek daki zenbat denbora igaroko zen ordurako. Han inguruan pasieran ibiltzeko ohitura zuten historialari afizionatu batzuk, harri hura ezagutu eta zur eta lur geratu arte, ez baitzen aditzera eman eginiko azaña. Euren harridurarako, 1815ean, Napoleonen Waterloo-ko porrotaren ostean, Frantzia eta oraindik osatzear zegoen Belgikako muga birdefinitzeko erabili zen mugarrietako bat, lekuz kanpo topatu zuten. Eta une horretantxe, baten batek euren estatu zen Belgikaren alde eta Frantziaren kontra, 2,29 metroko hedapena eragin zuela jabetu ziren.
Dena den, badirudi gertakaria, anekdotatzat hartua izan dela inguruan. Eta horren erakusgarri da, estatu buruek txio eta mezu humoretsuen bidez plazaratu izana. Baina noski, nekazariari eta udal arduradunei, egoera bere onera itzultzeko eskaria egin diote, kontrakorik bada, prozesu legal bat irekitzeko aukera baztertu gabe.
Eta nire baitan hasi naiz pentsatzen gure inguruez. Muga batzuk, geronek eta guregan ezarritakoak diren arren, zanpatzen dugun paisaia ere, banaketetan oinarritzen baita. Landa eremuetan bizi edo lan egin izan dutenek, ezagutuko dute harriok gurean urte luzez izan duten presentzia. Mugarriak, udalerri bakoitzaren mugak non dauden adierazteko jartzen diren harri bereziak dira. Maiz, mugakide direnen inizialak edota bestelako irudiak grabatuta izaten dituztenak. Baina denbora eta ahanzturaren poderioz, ez dira beti horren errazak izaten aurkitzeko. Erreka zuloetan tinko zutituagatik, tontorretan denbora luzez euren lekua egin izanagatik, otez eta abarrez estaltzen baitira sarri. Eta denboraren higadurari euren kasa egin behar izaten diote aurre.
Eta halaxe etorri zait ondora, azkenaldian behin eta berriz familia otordutan aipatu izan dugun gaia. Eta barregarria iruditu zaidan anekdota horren mamiak, familiako baserrian halako pisua baduela oroitarazi dit. Izan ere, etxeko ondorengo garen alaba eta semeak, bertako mugarrien berri jakin gabe kaletartu gara. Eta etxean, arduratzen hasiak dira. Txikitan, gurasoengandik jasotako erreferentzia soil eta sendo horiek kolokan ikusten baitituzte. Eta oraindik, adostu ez dugun egunen baten zain jarraitzen dute, esperoan.