Esango nuke aurten, inolako gehiegikeriarik gabe, behin bakarrik zapaldu dudala liburutegia. Izan ere, urte hasieran, ostera ere irakurketan sakondu beharra nuela eta aspaldian galdutako txartela berregin nuen. Baina kito, hortxe pausatu zen saiakera.
Urtebetetzean oparitu zidaten poema liburua ere, aldizka-aldizka zabaltzen dut. Miren Agur Meaberi poema batzuk lapurtu eta nahiko aseta sentitzen bainaiz sarri. Baina hementxe daukat gauero, mesanotxean zain. Eta oraindik, ez dakit nola gorde errautsa kolkoan.
Eta larritzen hasten naiz, lehen horrenbeste betetzen ninduen zaletasunetik nola aldendu ote naizen pentsatzen hastean. Pilatuta ditudan liburuen pisuarekiko proportzionalki hazten den erru moduko batek zanpatzen nau aldiro. Eta uda eta oporraldietan gauzak aldatuko direnaren pentsamendua elikatzen hasi behar izan dut azkenean.
ALAZNE ARRUTI
“Eskertua sentitzen naiz, irakurzaletasuna eta idazketa elikatzen jarraitzen duten
horiekin guztiekin”
Eta hantxe etorri zait gogora, txalekoa, galtza urdinak, zapatak eta txapela soinean, liburuz betetako gurditxoari tiraka dabilen gazte irribarretsu baten irudia. Izan ere, Ander Barandiaranek, katalogotik kanporatzen ziren liburuak suntsitu egin ohi zirela jakitean, Euskal Liburutegi Sozial Ibiltaria jarri du martxan.
Berriki egindako elkarrizketa batean, egunkari saltzaile itxurako altsasuarrak, eskuratzen dituen liburuak, Nafarroan barrena herriz herri banatzeko asmoa duela adierazi du udan zehar. Eta argitaletxeetan sobera dauden liburuez gain, etxeetan ditugun liburuei bigarren bizitza bat emateko modua ere izan ote daitekeen pentsatzen hasi omen da.
Eta ideia bikaina iruditu zait. Eta imajinatu dut nire burua, Nafarroa aldeko herriren batean gustura asko. Ardo beltz bat dastatzen astiro eta presarik gabe eguzkitan gozo. Eta hantxe, zurrumurruren bat. Ez dakit begirada altxa eta argitasunak itsututa, erosketa orga moduko baten bueltan jendea pilatzen sumatu ote dudan. Eta, laster ni ere multzoan barneratuko naiz akaso. Eta hartara, eskuetan liburuak hartzen hasi eta lepondotik behera, zirrara moduko batek zeharkatuko nau jostari.
Baina alferrik, mamu ilun samar batek egin dit kasu izkina batetik. Izan ere, beste behin, mahai gaineko zutabea gizentzeko tentazioa sentitu baitut, ezer irakurtzen hasteko borondatearen aurretik. Eta zaplada latza eman behar izan diot irudikatutako egoerari.
Dena den, eskertua sentitzen naiz, irakurzaletasuna eta idazketa elikatzen jarraitzen duten horiekin guztiekin. Miretsia, bazkaltzeko geratu eta orain dela denbora batetik, pista galdua nion lagunaz, buruan dituen proiektuen berri eman didanean. Eta agian, horixe da unean behar dudana, ez besterik.
Agian, liburutegi humanoak bisitatzen nabil ohartu gabe. Izan ere, badira paperean idazten edo transmititzen ez diren istorioak. Ahozkotasunaren tinta ezabaezinez idazten diren pasarteak. Bizidun eta bizigarriak diren uneak.
Izan badira aurrean aurpegi edo begirada bat behar duten kontu kontalariak. Aurrerantz edo atzerantz tiraka jarraitzeko galdera sortak behar dituzten bidaiariak. Eskuen sendotasuna edo besarkadaren epela behar duten bizidunak. Eta agian, horrek ere asetzen nau unean.
Akaso, lehendik gauzatu bai, baina kontzienteki bizi ez nuen irakurtzeko beste modu bat identifikatzen hasi berri naiz. Agian eta soilik agian, hau guztia ere, bada idazten eta irakurtzen jarraitzeko modu bat.