Aurtengo udak, eguzki askorik eskaini ez badigu ere, bero lehor eta tenperatura aldaketa gogorrak eragin ditu. Zenbait zuhaitzei begiratu besterik ez dago iraila gutariko asko bezain zimel, hostoak lehor eta bakandurik, hasi dutela jabetzeko. Hala ere, urteak aurrera jarraitzen du, urtaroz urtaro gure eginbehar eta promesak pilatuz. Eta naturak bien bitartean eta eskerrak, ez du etenik.
Piperrak loretan hasi geroztik iragan da denboratxo bat eta dagoneko, mintzen hasiak dira uda biziki agurtzeko asmoz. Kuia, pepinoa eta tomateak amaitzear dauden honetan, ez da atsedenik. Pikuak hasi dira gozoki lurrera jausten, bizilagunen arteko marmelada poto eta esker onen trukeak martxan jartzeko beste.
Intxaurrak, izuturik eta autoen gurpilen zanpatze bortitzari ihesi, errepide bazterretan pilatzen hasiak dira, norbaitek tentuz jasoko dituenaren esperantzaz. Eta sagarrondoak, eder eta mardul ari dira nagusitzen, presarik gabe, gainean dituzten sagarren pisua eusteko okertzen hasiak direlarik. Iraila, hasiera edo amaiera baten mugarria izan ohi da. Eten une arin baten, lehen pausoa. Bada haurrak eskolara bidali eta lasaitasun bat sentituko duenik. Edo kontrara, lehen egokitzapenarekiko beldurrez eta mesfidantzan, ohi baino urduriagoa sentitzen denik ere. Izango dira, ikaskide eta ingurune berri batera egokitu behar dutenak ere. Lehenengoz, etxetik aldendu eta hor nonbait, ikasle pisuen xarma ezagutzera doanik. Alokairu berriak, berregitear dauden beste hainbeste bizikidetza akordio... erabakien oasi txiki bat da iraila. Oporrek arindu ahal izan duten zamaren hutsuneaz baliatu eta erabaki berriak hartzeko abaguneen itsaso bat.
Baina ez du zertan berritasuna ekarri, egoera berdinean jarraitzeko erabakia hartzea ere uste baino korapilatsuagoa izan baitaiteke askotan.
Irailak ordea, badu beregan urte hasierak ez duen seriotasun bat. Izan ere, nork ez du urte berri baten etorreran, 12 kanpai-hotsen osteko mozkor eta adorez, helburu berrien zerrendarik osatu. Egun horretan, bada halako akordio isil bat, zeinari esker utzi egin ohi diogun elkarri, egikaritu ez ditugunak aho eta pentsamenduetan hartzen. Inguruko sentimendu uholde eta festak, urte osoa aurretik duguna goraipatu besterik egiten ez duenez, dena izan ohi da libre.
Baina sentsazio hori, pixkanaka higatzen doa. Urtarrilarekin baimena ematen diogu gure buruari gauzak lasai hartzeko. Otsailean, hotzak, ez gaitu askorik mugiarazten oraindik.
Martxotik aurrera ordea, ingurua pizten hasten da, gure ekintzen abiadurarekiko proportzionaltasun ezaz. Eta ohartzerako udaberriak liluratu egiten gaitu, kanpora begiratzea, sarri barnera biltzea baino erakargarriago izan daitekeelarik.
Eta amaitzeko, udak, ez du azalpenen beharrik. Pentsamenduak lausotu eta loturarik gabe gozatzeko aukera eman ohi diogu elkarri. Kresala arnastu eta eguzkiaren energia erregai eta indar ditugularik.
Baina sugandilen garaia atzean uzteko ordua berehala heltzen da. Eta orduan, berandu da. Agenda berri bat zabaltzeko unea iritsi da ziurrenik. Norbere baitan bizi dugun etxea zartatzen hasten den unea heltzen da. Narrastien antzera, ezkatak lehortzen eta eteten zaizkigu. Eta azal berritzeak, ez du atzera bueltarik izaten.
Irailak, zintzotasuna pizten du norbere buruarengan. Eta gure buruarekin beste bat egiten hasteko ordua dela oihukatzen digu ozen.