Komunitateak eraikitzeaz

Komunitateak, elementu komunak partekatzen dituen gizaki multzoak direla esan ohi da. Egunerokotasunari begira jarriz gero, erraza izan liteke inguruarekin partekatzen dugun hori identifikatzea: hizkuntzak, zapalkuntzak, kulturak,  ohiturak, mundua ikusteko erak, balio sozial eta moralak, maila sozialak, ingurune geografikoak...

Ustez, gizartea osatzen duten pieza gertuko edota antzekoak partekatzen dituen giza talde bat litzateke komunitatea. Eta elementu horiek guztiak, norbanako bakoitzaren identitatean eragin zuzena izateaz gain, ingurunearekiko kohesio-maila jakin bat ere eratzen dute norberarengan.

Komunitatea sortzen duten adreilu horiexek ordea, eratzeko adinako suntsitzeko gaitasuna izan dezakete. Elkarren arteko gatazken abiapuntu izan ohi baitira gehienetan. Batzen gaituzten elementu guztiok ordea, bizigarriak eta moldagarriak behar lukete izan. Baina maiz, gure garapen abiadura edo maila ez da bat etortzen inguruan dugunarekin. Eta halakoetan zer egin genezake?

 

ALAZNE ARRUTI

“Gure etorkizunari forma emateko, aukera interesgarri bat hasi da zabaltzen gure inguruan. Energia komunitateen garapena”

Bada, nire kasuan, hutsune edo behar hori asetzeko intentzioaz, itzulerarako data zuen hegaldi bat  hartu nuen urrunera. Itsasoa alderik alde zeharkatu eta gogoz hartuko ninduen eta hartuko nuen lurralde berri baterantz abiatu nintzen epe batez. Eta pixkanaka, hango errealitatean barneratzeko aukera izan nuen. Motxilan neramanaren zati handi bat albo batera utzi, eta  ingurune ezberdin horretatik ikasteko nuena besoak zabalik hartu nuelarik.

Agian baten batek, halaxe topatu lezake bere txokoa. Benetan, bere bereak sentitzen dituen arrazoi eta ikusmirak garatzeko aukera eskaintzen dion inguru bat bete-betean topatuaz.  Baina batzuetan, ostera bueltan itzultzeko unea ere heltzen da.

Nire kasuan,  ikaspenez eta sekula agurtu nahi ez nituzkeen pertsona eta bizipenak atzean utzi eta modu pausatuago batean hazten eta eraldatzen ikusi ninduen abiapuntura itzuli nintzen. Eta espero nuen  arren, bitxia izan zen nigan halako aldaketak eragin zituen denbora tarte baten ostean, guztiak lehengo moduan jarraitzen zuela ikustea.

Puntu honetara helduta, hurrengo helmugak irudikatzen hasi daiteke bat. Sosak aurrezten hasi eta imajinazioa martxan jartzen. Han eta hemengo jendearekin harremana mantendu eta distantziak mozten saiatzen.

Baina azken denboraldian, komunitate bat, inguratzen eta biltzen gaituen maindire soil bat ez dela berretsi dut. Guk geuk egiten baitugu bizigarri, gurekin bat datozen egitura eta formak osatzea gure eskuetan dagoelarik. Eta une honetantxe zehazki, gure etorkizunari forma emateko, aukera interesgarri bat hasi da zabaltzen gure inguruan. Hain zuzen, energia komunitateen garapena.

Kontzeptu hau, Europatik datorren gaia da. 2018 eta 2019ko zuzentarauetan, aipamena egiten zitzaien, energia trantsiziorako tresna pribilegiatutzat. Eta aizue, guk gure zuritasunetik, elektrizitatearen prezioaren gorakada dela eta programatutako itzalaldi bat egin dezakegunok,  benetan pairatzen ari garen hori aldatzeko mailu bat izan daiteke.

Izan ere, energia  komunitateek, definizioz, behetik gorako egiturak izan behar dute. Herritarrek sortu eta gidatzen duten prozesu komunitario bat. Benetan, bizitza erdigunean jarri eta honen ahalduntzea eman dadin eta behar sozialak lehentasun bihurtuaz. Eta noski, ekimen komunitario honek, ardatzean, eredu energetikoaren iraultza behar du izan. Baina horretarako, garrantzitsua da oso elkarrengana batzen gaituena identifikatzea. Garenaz eta izan nahi genukeenaz hausnartzea. Eta benetan, bizitza zentroan jarri nahi bada, energiaz gain,  zeharkatzen gaituzten bestelako gai anitzez hitz egitea.