Laranja azalak eta oroitzapenak

Azaroaren lehen eguna heldu ordurako igaro da, eta ordubete erantzi diogu erlojuari bat-batean. Agian, parrandan, kubata urtu bat besteagatik ordezkatzen ari ginela harrapatu gaitu. Edota, begiak itxi eta lozorro betean, ia ohartu ere egin gabe. Moduak ez du askorik axola, egun honen eraginak guztioi inguratu baikaitu jada.

Goizean, egunak argitasun gehiagoz agurtzen gaitu. Nik behintzat, suma dezaket, lotarako pertsianak jaisten ez dituen horietakoa bainaiz. Nahiago dut egunak naturaltasunez esna diezadan, bere garaian, bere forma eta kolorez. Iratzargailua programatuta izanagatik, nire eskuin sorbaldaren gainerantz itzuli eta leihotik begiratu ostean, jo arte itxaroten diot maiz. Eta arinki jotzen hasi bezain laster agintzen diot, itxaroteko eta ostera, 10 minutu barru kasu egin diezadala.

Dena den, arratsaldean, bestelakoak dira kontuak... ohartzerako ilunak irensten gaitu etxerako bidean. Lehen adibidez, mendialdeko errepidea hartu eta azken eguzki printzak xurgatzeko aukera izaten nuen egin beharrak amaitzean. Edo, etxerakoan, afaria prestatzeko erosketa azkarren bat egiteko grina eta borondatea ez zen desagertzen berehalakoan. Orain ordea, argi falta nabariago horrek, bidea ahalik eta motzen eginaz, zuzenean etxerantz gidatzera bultzatzen nau.

Dena den, ordu aldaketaz gain, bada ukitu gaituen iluntasunari lotutako beste gai bat ere. Izan ere, urtea ixteko azken aurreko hilabeteak, noizbait atzean utzi ditugun, edo agian, aurre hartu diguten horiengana gerturatzeko aukera eskaini digu.

Katolikoentzat, azaroaren 1a Santu Guztien Eguna da. Ironikoki, aurten jabetu naiz, World Vegan Day–a edota Nazioarteko Beganoen Eguna ere badela. Lehenak ordea, bigarrenarekin alderatuta itzaletik gehiago izan dezakeela iruditzen zait, batez ere hemen inguruan, gizakien heriotzarekiko dugun harreman motagatik.

Heriotzari beldur asko erantsi diogulakoan nago. Egiazki, ulertzekoa da hainbat prozesu mingarriren osteko emaitza izan daitekeela askotan. Eta noski, kosta egiten dela, garaiz kanpo edo prest ez geunden une eta baldintzetan, baten bat zentzu horretan agurtzea. Baina, gaia naturaltasunez lantzea zaila dela sentitzeak, ez du esan nahi, hainbat urtetan astun eta pisutsu bilakarazi ditugun dinamikak, bere horretan mantendu behar ditugunik.

Ingurune kolorge, aseptiko eta espazio antinaturalak eraiki ditugu, gure penak nonbait pilatzeko. Eta noski, gizarte kapitalista batean bizitzeak dakarren guztiaz, hemendik ere negozio eredu bat sortu dute baten batzuk. Hiltzeari ere prezio sinestezin batzuk ezarriaz.

ALAZNE ARRUTI

“Aurten zehazki, asko maite nuen pertsona bat agurtu behar izan dut. Eta gaiaz, inguruan eta ingurukoekin uste baina gutxiago hitz egin  dudanaren sentsazioa nagusitu zait azaroaren 1a hurbiltzean”

Baina espazio hauen erreprodukzioak, asko definitzen du heriotza bizi dugun modua bera. Izan ere, sentimenduok askotan, halaxe biltegiratzera ohitu gaituzte, isil eta bakarti, norbere barruan. Aurten zehazki, asko maite nuen pertsona bat agurtu behar izan dut. Eta gaiaz, inguruan eta ingurukoekin uste baina gutxiago hitz egin dudanaren sentsazioa nagusitu zait azaroaren 1a hurbiltzean.

Hilerrian hobiratzea erabaki zuen aitonak, eta egun horretan, modu inprobisatu batean aspaldi zapaldu gabeko gunea bisitatu genuen. Bere izen abizenak, harri gainean zizelkatuta irakurtzean, hizki hotz eta heze horiek, laranja azalez ordezkatu nituen nire irudimenean. Bazkalordutan, poltsikoan eraman ohi zuen labanaz, irribarretsu eta pazientziaz ebaki ohi zituen formez oroituaz.

Fruitua kriski-kraska irentsi eta laster makurtzen zuen burua, hainbeste lan egindako bi eskuak kopeta azpian kokatu eta lo-kuluxka bat botatzeko prest. Eta honek atzetik ekarritako oroitzapen guztiak partekatuaz oroitu nahi nuke gaurkoan.