Uholdeak

Urak beti egiten du bere bidea. Nekez gera daiteke bere nahia, nahiz eta gizakiok abilak garen horrekiko kudeaketan. Indar geldiezina du bere baitan. Eta ez du behar izaten baldintza bereziegirik bere norabidea jarraitzeko.

Ibai, itsaso zein errekek lehen hartzen ez zuten eremu bat hartu edo bereganatzeari deitzen diogu uholdea. Lehen lehor zena, ustez gurea dela uste duguna galtzeari. Lehen  nekazaritzarako emankorra zen eremu hori, orain jabetza pribatu eta espekulazioaren eraikuntzarako lur zati baten promesa izan daitekeen huraxe.

Uholde bat, tsunamien eraginez itsas-maila igotzean ere gerta daiteke adibidez. Eta ziur gutako askok, errazago irudikatu dezakegula halako hondamendi edo katastroferik, azken urteetan zabaldu diren pelikula ospetsu eta dramatikoetatik.

Dena den, gure zonaldean, euri jasen ondorioz ibaiek gainezka egitean gertatu ohi da gehienetan. Eta Euskal Herrian ere, jasan izan dira iraganean honekin lotutako zenbait pasarte garrantzitsu. Esango nuke ordea, nire inguruko gazteok behintzat, halako gertakariak, zuri beltzeko argazki edo dokumentalen bitartez ezagutu izan ditugula batez ere. Pertsona irribarretsu bat kamerari begira, asto bat gurdi bati tiraka kalea urez gainez den bitartean, autoak igerian hara eta hona…

ALAZNE ARRUTI

“Izan gaitezen ur emari, uholde, elkarrekin. Eragin ditzagun aldaketak kontzienteki eta gure boterearekiko beldurrik gabe”

Edota, besterik gabe, gertuko helduen memoria eta oroitzapenen bitartez ere jaso izan ditugu halako gertakariak akaso. Dena den, aldaketa klimatikoa dela eta gero eta maizago bizi ditugu halako muturreko egoerak gure azal propioan.

Eta pentsatzen hasia nago, hitz edo kontzeptu honi ere azkenaldian, ez ote diogun erantsi behar baina pisu ezkor eta naturaz gaindiko dimentsio handiagoa.

Izan ere, uholdea, gure esku ez dagoen indar baten ideia izan daiteke. Kontroletik kanpo geratzen zaigun indar natural bat. Eta normalean, geronek ezarritako muga edo markatutako bide bat gainditu ohi duena. Honenbestez, guk gauzatutako zerbaiten erantzuntzat hartu genezake kasu gehienetan. Eta agian, horretxegatik zaigu horren beldurgarria bere izaera. Nahi bezala, ezin kontrola dezakegulako.

Baina ez dakit, funtsean, ez ote diogun erantsi, behar baina esanahi ilunago bat, zerbait gaizki egiten ari garenaren jakitun garelako. Merezi dugun hori, trukean jasotzen ari ote garen sentitzen dugulako. Naturari, eman baino gehiago kendu diogula jakin eta honen baitan epaitzen garelako.

Izan ere, ama lurra mugatu eta gure nahietara eraldatzeko joera, gero eta handiagoa denez, horren aurrean are eta galera handiagoak jasaten ari gara. Eta gureganatu ditugun eta ez zegozkigun espazio horiek, bueltan itzultzeko ordua heldu dela dirudi.

Lehen, onura bat ekar lezakeenak, orain, galera besterik ez dakarkigula dirudi, eta aldatu den gauza bakarra, gure erabakien norabidea dela esango nuke.

Baina, hondamendi bat izateaz harago, konformatu ezinaren ikurtzat ere hartu genezake joera hau. Onartu nahi ez edo aldatu nahi den egoera baten aurreko ekintzatzat. Eta noiz edo noiz aldarrikatu izan dugu halako joerarik gure jarrera eta ekintzetan.

Beraz, zergatik ez dugu indartzen ideia honen alderdi hau? Erabili dezagun indar eredu hau, gure egunerokotasunaren edo gizarteko zati bat aldatu eta emankortzeko tresna moduan.

Izan gaitezen ur emari, uholde, elkarrekin. Zeharkatu eta blaitu dezagun gure ingurua ur-masa baten pare. Eragin ditzagun aldaketak kontzienteki eta gure boterearekiko beldurrik gabe.

Izan gaitezen aldaketarako bidea. Ez gaitezen konformatu eta elkartu gaitezen. Izan gaitezen ura eta egin dezagun gainez, markatu eta mugatu dizkiguten ubideetan.