Gabonen zurrunbiloak irensten gaituen aldiro, etengabe kontsumitzera bultatzen gaitun gizarte eta jarrerek, gogor astintzen gaituzte guztioi. Gabonak, maitasunaren gorazarre eta abiadura betearen etenaldi baten baliokide izan daitezkeen arren, badute ardura eta neurritasunaren beharrik.
ALAZNE ARRUTI
"Artearen Historiak, emakumeei aitortu ez dien hori guztiori salatzea du helburu ‘Baginen Bagara’ erakusketak"
Neroni ere, estutu naiz. Inguruko pertsonei, urtea amaitu aurretik, hau borobiltzeko opari aproposen bat irudikatu nahian. Eta ohi bezala, azken unea heldu arte luzatu ditut erabakiak. Lanetik irten eta izerdi patsetan egin ditut, luzez pentsatutako erosketak gauzatzeko ibilbide bizkorrak. Eta hein batean, ezarritako erronka txiki bat betetzeko aukera ere izan dut. Bertakoan oinarritzen saiatu bainaiz. Inguruan ditugun denda eta sortzaileak babestu, eta behar luketen lehentasuna emanaz. Eta emandakoa baino adeitasun handiagoa jaso dudalakoan nago.
Dena den, opariak emateaz gain, jaso ere egin ditut. Eta horiei esker oroitu naiz, oparirik ederrenetarikoa, elkarri eskaini diezaiokegun denbora izan daitekeela. Aurrekoan esaterako, nire urtemuga ospatzeko, opari berezi ugari jaso nituen. Agian, adinez heldutu ahala, gauza materialak albo batera utzi eta uneak gehiago balioztatzen ikasi dudalako izan daiteke. Eta ziurrenik, hau ez da soilik eta naturalki eman. Inguruan hau ulertu eta elikatu duten jende on ugari bildu izanak bereziki lagundu du horretan.
Honen adibide gisan, lagun pare berezi baten eskutik, duela ez asko San Telmo museoan igaro dut arratsalde bat. Eta eurei esker, aspaldiko partez, arteaz eta arteak atzean ezkutatzen duenaz hausnartu eta sakontzen jarduteko aukera izan dut. Izan ere, Baginen Bagara erakusketara gidatu ninduten ostegun arrunt bateko lanaldia amaitu ostean. Eta neure buruari, aspaldian eman ez nion tarte bat eskaini nion. Astiro eta elkarrekin, ohartzerako museoko ateak itxi zizkiguten arte.
Erakusketa hau, bereziki hurbila sentitu nuen gainera. Izan ere, Artearen Historiak, emakumeei aitortu ez dien hori guztiori salatzea du helburu. Pintore, ehungile, zeramikagile, eskultore, ilustratzaile, jostun... sorkuntza arlo ugaritan jardunak izanagatik, isilduak izan dira luzaroan, emakume gisa deskribatu eta mugatuak. Eta bilduma honen bitartez, “emakumeen arazotzat” hartzen zen hutsune hori, “Artearen Historiaren arazoa” dela mahaigaineratu nahi da.
Emakumeen lana argitara emateaz gain, diskurtso, forma eta modu berritzaileak topa daitezke bertan. Izan den hori, bistaratzea, ez da, historiaren berrikuspen bat besterik. Eta urte luzez, emakumeei esleitutako gai eta ereduen aurrean, arrazoia gailentzea.
Horrela, loreak eta etxeko mahai hutsak, leihope zabal eta argi erreinu ederrak nagusitu ziren espazioan. Ahizpen arteko une eternalak. Gorputzen jarrera lasai eta apaindura gehigarririk behar ez zuten emakumeen, ordura arte horren zintzoki irudikatu gabeko autorretratuak.
Eta etengabe izendatu eta gorpuztu zen bakardadea eta hutsunea. Mugen gainetiko bizi grina eta norberaren esentzia gaindiezin bat.
Argazkia: San Telmo museoa.