Kattalin I

Duela pare bat urte, neska jator batzuek, EITBko Txirikorda irrati saiorako proposamen bat luzatu zidaten. Beraiek zioten moduan, uda sasoian, sudur puntan jartzen zaiena egiten uzten diete kazetariei. Eta aukera hori baliatuz, lauzpabost pertsonei, 2084ko Euskal Herriaz hitz egiten zuten narrazioak osatzea eskatu zizkiguten. Irratirako zenez, lehen proposamena astun samarra zelakoan, arindu eta birformulatu egin behar izan nuen. Eta hortaz, uda ez den arren, hasiera batean idatzi nuen narrazioari leku bat topatu nahi izan diot hurrengo bi kolaborazioetan.

KATTALIN I

2019ko irailaren 20an jarri zuten abian Zubietako erraustegia. Atez atekoak herria bitan banatu ondoren, hondakinen kudeaketaren kaosak ez zuen ezertarako balio izan. Hasiera batean, erresistentzia jarrera sendoari eutsi eta zangalatrabaka, produkzio kate osoko zabor kantitatea murrizteari ekin zion euskal lurraldeak.

Baina, espekulazioaren lobbyak aurreikusita zuen jokaldia eta berehala hasi ziren Madrildik Abiadura Handiko Trenetan zaborra oldeka garraiatzen. Kaleetan koloretako boligrafoen ordez banbuzko lastoak banatzen hasi ziren. Eskoletatik, irteerak antolatzen Zubietako errauskailutik 30km-ra eraiki zuten interpretazio zentrora, artean aldundiak itsasoan plastikoz itotako dortoka, arrain eta hegaztiez hornitutako kanpainak zabaltzen jarraitzen zuen bitartean.

Baina hondakinen balorizazio zentroak ez zituen guztiz erraustu ordura arteko lanak. Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak egiten jarraitu baitzuen. Eta hasi ziren Madril-Zubieta bitarteko errailetan sabotajeak areagotzen. Eta hondakinen kontrabandoari ekin zion mugimenduak Organikoaren Oinordekoak izena hartzearekin batera eman zitzaion hasiera zero zabor mugimenduaren trantsizioari.

Arrandegi eta harategietan ez zioten etxetik bere tupper edota edukiontzi berrerabilgarri propioa ekartzen zuen inori zerbitzua ematen. Tokian tokiko produktuak eskaintzen zituzten saltokiak hauspotzen hasi ziren eta ontziratutako produktuak saltzen zituztenak albo batera uzten. Kaleetan 24 ordutan zerbitzatzen zuten makinak inguruko janari freskoz hornitzen. Tabernetan soilik, iturriko ura eskaintzen. Erabilera bakarreko plastikoa debekatzen. Kopa menstrualaren aldeko publizitate kanpainak ez isiltzen. Bizilagunekin trukean oinarritutako bizikidetza eta ekonomia zirkularra berreskuratzen. Ekintza zuzena eta bizitzaren erdiguneratzea nagusitu ziren egunerokotasunean.

Kattalinek akorduan du, garai hura. Etxean 2030eko urtarrilaren 22an ospatu zuten errauskailuaren behin betiko itxiera eta eraikinaren berrerabilpen planaren hastapena. Hari esker lortu zuen bere ikasketekiko grina mantentzea. Ingeniaritza Kimikoko gradua burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bere Gradu Amaierako lanean goroldioaren balore energetikoaren inguruko ikerketari ekin zion.

Goroldioak, fotosintesiari esker elektrizitatea sortzeko ahalmen izugarria zuen, baina baita inguruko kutsadura xurgatzekoa ere. Euskal Herriko klimari esker, Europako espezie berezienetarikoa etxean bertan zuela frogatu zuen. Eta lortutako emaitzak sinetsi ezinda, ikerketarekin jarraitzea erabaki zuen. Baina kalean lan egiten zuten gurasoen baserrian jaiotako 3 seme-alabetako gazteenak, ez zuen bere ikerketarekin jarraitzeko baliabide nahikorik. Eta udan Bidegiko autopista kabinako jarduna, tabernako lanaldiaz osatu behar izan zuen. Gustuko ogibidea ez izanagatik, barraz bestaldeko elkarrizketetatik elikatzen ikasi behar izan zuelarik.

Zubietako erraustegiaren berrerabilpen planaren berri eman bezain pronto, bere proposamena prestatzeari ekin zion. Eta 2040-rako, kasua epaitegietatik pasa ostean, fondo publikoak bidegabeki erabili zirela frogatu eta errauskailuaren azpiegiturari beste erabilera bat emateko indemnizazioa zehaztu zenean, Kattalinen urte luzeetako lanak bere fruituak eman zituen. Euskal Herria, iturri nagusitzat goroldioa zuen biofotoboltaikan aitzindari bilakatzeko lehengo proiektuaren zuzendaritzaren partaide izatea lortu baitzuen 33 urte eskasekin.

Orain, 2084an, Kattalinek ez daki nola heldu den honaino.