Kattalin II

Kattalinek soberan daki, hein batean zeini eman eskerrak. Baserrian ikasi zuen, natura zeinen indartsua den. Amonak lurra jorratzen erakutsi zion bitartean ikasi zuen, jasotzeko erein egin behar izaten dela eta ez dagoela, norbere eskuekin zaindutako elikagaien parekorik.  Aitonak erakutsi zion, inguruan zuen landare eta txori iheskorrak ezagutzearen berezitasuna.

Ikasketa ordaindurik jaso ez zituen aitak, etxean ingeniari baten mailako tramankuluen garapenean parte hartzeko gonbita luzatzean ulertu zuen, munduan aktiboki eragin zezakeela. Eta minbiziaz goizegi galdutako amaren zientziarekiko ikuspegiak lagundu zion, inguratzen zuenaren osaera aztertu eta gustuko ikasketei ekiteko erabakia elikatzen.

Izan ere, munduan bi motatako pertsonak daude, uda sargorian Zarauzko malekoitik hondarretara jauzi egiten duen haurrari mina hartuko duela oihukatzen diotenak. Edota, hurrengo jauzian, belaunek sufri ez dezaten giharrak zein modutan flexionatu behar diren azaltzen diotenak. Eta zorionez, berak belaunburuak askotan urratu ditu, baina baita indartu ere. Eta horri esker eraiki du egun soinean daraman guztia. Ikasi du beregan bizitzen. Gudu-zelaiak kanporatu eta eguneroko gerletan gogor eusten. Ikusi du ingurua berarekin aldatzen. Aurrerapenak ez direla beti teknologian oinarritzen eta sinpletasunak zenbateko garrantzia duen.

 

ALAZNE ARRUTI

“Hurbildu orduko,  Alizia bailitzan zulotik  behera erortzen sentitu da”

 

Gustuko duen kamiseta bat, kalean ibiltzetik, etxeko trapu izatera noiz igarotzen den ez dakien emakume honek, egungo munduak, munduratu zenekoaren tankerarik ez duela esan dezake harro. Gaztetan gorputzetik zehar tenk luzatzen utzitako ileekin bake-ituna sinatu edota bizkarreko mina eragiten zion bularretakoa gehiago ez janztea erabaki zueneko askapen sentsazioak bizi berritu egin izan du. Inoiz teknologiaren menpekotasunaz pentsatzen hastearekin batera, konparazioak zoramenaren neurria ezartzen zuela konprenitu zuelako.

Eta orain ikusi ditzake haurrak lehen pipa azal eta txiklez josten zituzten bankuetan azenarioak gogotsuki jaten. Sagar gorriei beldur gabe hozka egiten eta irensten duten oro nondik datorren ezagutzen. Pantailak birziklatu eta karta-joko berriak asmatzen. Kale bazterretan idazten, irakurtzen, kantatzen, margotzen, bizitzen. Edozein gorputzetan hasten diren ile matazak errespetuz tratatzen. Genero eraikuntzak urtzen. Beldurrik gabe lokatza zapaldu eta eskuak lohitzen. Eguzki plakez osatutako teilatuetan sortzen den elektrizitatea ez alferrik galtzen. Behi eta arrainak maila berean humanizatzen. Eta norberaren ongizatea kaltetzen duen orori aurre egiteko tresnak garatzen.

Baina gaurkoan, anbulatorioan hasi den erizain berriak 100 urteak aise beteko dituela esanagatik,  benetan sasoi ona mantentzen duela errepikatuagatik, bakarrik etorri dela eta haurrik munduratu ez ote duen pentsatzen duen berberari, tatuajez  jositako eta ilez soildutako beso sendoak luzatuta, eskuak gogor heldu dizkio bizitzari beldurrik ez diola erantzuteko.

Hainbestetan galdu duen osakidetzako txartela jaso eta aterantz abiatu da sarreran lotuta utzi duen bizikleta elektrikora zuzen. Arrasera moztutako eta 67 urtetan lagun izan duen ile laburra igurtzi eta kaskoa jantzi du buruan. Bidegorrirantz ekin dio norabiderik gabe. Harik eta bularrean pisu astun bat sentitu duen arte. Hanka-pilota indartsuetatik gora, hotzikara bat sentitu du bizkar hezurreraino. Eta oina lurrean jartzearekin batera, guztia birak ematen hasi da etenik gabe. Oasi baten erdian dagoenaren sentsazioa burutik ezin kenduta kalean aurkitutako lehen konpostagailura hurbildu da atseden hartzera. Tapa zabalik du eta ixten hastean, norbaitek hondakinak hustu eta gainerakoarekin irabiatzea ahaztu duela ikusi du. Beraz, oraindik zorabioa soinean, irabiagailu metalikoa hartu eta amaitu gabeko lanari ekin dio.

Hurbildu orduko ordea, Alizia bailitzan zulotik behera erortzen sentitu da. Laranja azalak, arrautza oskolak eta lasto xerloak aurpegitik kendu eta  urik gabeko itsaso lehor baterantz erortzen ari dela ohartu da atzera itzulerarik gabe. Eta danba! Izerdiz hezetutako ohe batean esnatu da  arnasestuka, segundo erdiz bihotza geratu zaion gorputz indargabe batean iltzatuta. 2022ko martxoaren 20a dela dio, pultsazio biziegiak dituela abisatzen ari zaion esku muturreko adimenduak.