Julene eta Miren, oholtzara igo eta euren orain arteko ibilbidea azaltzen hasi ziren. Inurritegia nola hedatu eta sendotu den azaltzeaz gain, umoretsu azaldu zuen Julenek, amak bere haserrealdietan, nola baliatzen zuen bularreko protesia bakea titikadaka ezartzeko. Ostean, Gari Otamendi eta Araitz Bizkai musikariak aurkeztu zituen Amaia Agirrek, eta Eli Pagola, Miren Artetxe, Maialen Lujanbio eta Ane Labakarekin batera bete zuten oholtza, euren akelarrera ongi etorria emanaz. Agurrekin pixkanaka giroa berotzen hasi ziren, konturatuaz, tabua errima txarra dela. Beharrezkoa dela, beldurra ematen duenari argiaematea. Eta bi titidun eta bakarrok elkarrekin, abestu genuen gora gu eta gutarrak.
IKERKETA: Maider, bere irribarrearen pareko zapi koloretsuarekin igo zen papera eskuan, mikrofonoa bere egitera. Bularreko minbizi metastasikoarekin aurrez aurre jarri gintuen. Garbi azalduz, ikerketa beharrezkoa dela oraindik. Eta bereiziz, ausartak, egoera latz baten aurrean bere erabakiz bertan geratzen direnak direla eta ez eurak. Bizitzea tokatzen zaiena nola hala onartu eta eurena egin beste aukerarik ez baitute, eta eskerrak inguruko tribuari.
GORPUTZAREN ALDAKETAK: Sandrak zioen, ez direla soilik bistako aldaketak gertatzen. Ez dela ilea eta bularra galtzea soilik. Giharreko mina, medikamentuen albo kalteak, lehortea, basamortua hanka tartean... Baina ez dela minbizia jasan beharrik aldaketak nabaritzeko. Eta hala zioen: “Zuek zer, dena ondo? Duela urte batzuk moduan? Hezurrak, indarrak, pazientzia? Ba horixe.” Eta hausnartu genuen grabitateak erorarazitako titiez. Estali nahi diren paparrez. Kexatu baino, protesta egin beharraz. Aldaketaz aldaketa, elkarri onean segi dezagula opatzeaz.
MUTILDUTA EGOTEAZ: Olatzek, ezkerreko bularra galdu zuen eta tratamenduaren eraginez, hormonen gorabehera nagusitu omen zen beragan. Ordutik, maiz, mutilduta dagoela esan izan omen diote. Baina berak, mutilatuta dagoela zioen, ezpain gorrien azpian bibote eta bizarra duelarik ere, ezkerraldean pektorala eta eskuinean bularra duela. Lehen 11 gauza batera egiteko gai omen zen, buruari mila buelta emanaz. Baina hormona femeninoak galduz geroztik, gibela izugarria garatu omen du. Eta galdetzen zuen ea horixe ote zen mutil izatea.
Elenita berriz, naturaltasun osoz, Sagardui andreari zuzendu zitzaion, pandemiaren eraginez atzeratu diren frogen salaketa egiteko. Julenek, amaren agurraz hitz egin zigun. Agurrik ederrena, bera maitatzen jarraitzea dela ebatziz. Aintzanek, ile asko eduki eta gabe geratzeaz. Gehien falta bota zituen sudurzuloko ileez. Ipurtzulokoez eta euren funtzioez. Eta ohartzerako heldu zen amaiera.
Pertsona beste titi oholtza gainean. Zapi koloretsu bat guztioi besarkatzen. Rigobertaren titi gorazarrearen kanta euskaratuarekin, hauek heldu eta biluzik saltoka, oholtza gainean dantzan. Biziz gainezka, eta gozamenera emanak.
GORA ZUEK, GORA TRIBUA eta GORA INURRITASUNA.