Munduak handiegia dirudiela diot, askotan, aurrean jartzen dizkigun erronkak gaindiezinak diruditelako. Hauskorregi edo ñimiñoak senti gaitezkeelako, gaurdaino osatu dugun gizarte honek elikatzen jarraitu dituen gatazken aurrean. Olatu garaiegiak dirudite gaindituak izateko. Baina azken urteetan zerbait ikasi badut, ikuspuntua aldatzen izan da. Ingurura begiratu eta ingurune honen parte sentitzeko behar dudan hori identifikatzen. Izan ere, norberak indibidualki sentitzen dituen gorabehera eta gatazka asko, modu ezberdinean bizi daitezke. Eta aukeretako bat da, kolektibotasun eta elkartasunean oinarritu eta partekatzea.
Izan ere, pandemiaz geroztik, biziberritu eta akaso indarberritu ere egin dela esan daiteke, indibidualismoa muturreraino eramateko jarrera edota tendentzia. Bakoitzak bere ipurdia, ondasunak eta osasuna salba ditzala eta ondo badoa, agian hasiko da inguruari begira. Familia, eta lagunak zaindu, eta akaso bizilagunei arreta jarri eta laguntzeko borondateak iraun lezake. Baina formula honek, ez ditu aldagai nahiko izaten egoera zailenen nolakotasunari aurre egiteko. Eta laster egin dezake gainez, etengabe erabiliz gero.
Aitortu beharra dut, geroz eta konbentzimendu handiagoz, etorkizuna, kolektiboki eraiki beste aukerarik ez dagoela pentsatzen hasia naizela. Komunitatea egin behar dela esan izan digute noizbait. Baina askotan, erakunde eta kargu ezberdinen ahotik jaso izan dugu mezua, itxuraldatuta eta euren lana edo betebeharrak arindu eta gainkarga eta erantzukizun oro gugan deskargatzeko asmotan. Goitik ezarri nahi izan diguten premisa izan da. Eta badakigu horrek zein efektu sortu ohi duen gehienetan. Baina hemen, Euskal Herrian beste hainbat txokotan legez, nahiz eta lausotutako gaia izan, komunitatea geure modura egiten saiatu gara. Eta zenbait kasutan, mantendu den jarrera izan da. Komunitatea egitea baita, auzolana. Komunitatea egitea baitira zaintza eredu partekatuak irudikatu eta eraikitzen hastea. Gure ondarea mantendu eta berreskuratzeko ekimenak garatzea. Komunitatea egitea baita, jaiak guztiontzat parekidea eta errespetuzkoa izateko tresnak garatzen jarraitzea. Komunitatea bera baita, injustizien aurreko elkartasuna kolektiboa.
Hala eta gutiz ere, ez genuke ahaztu behar elikatzen jarraitu ezean, behar duen aitortza edo garrantzia galtzeko arriskua izan ohi duela. Eta beraz, desegin daitekeen hori ere, badela komunitatea. Izan ere, gizarte mailan, zaurgarri egiten gaituzten egoerei aurre egin behar izaten diegu. Egun bizitzeko ezinbestekoak ditugun balio gehienak kapitalaren menpeko bilakatu baitira. Eta arrakala hauek sakontzen ez uzteko, komunitatea egiteko eta saretzeko modu berri eta iraunkorrak garatu beharrean gaude.
Horren adibide dira, besteak beste, gizartearen oinarrizko jarduera ereduen birmoldaketarako nahien fruituak. Bertatik eta bertarako sortutako eragile eta talde ezberdinak, egungo zaintza eta etxebizitza eredua, elikadura, hezkuntza, osasuna, aisia, kultura, teknologia berriak, telekomunikazioa, energiaren alorra... zalantzan jarri eta horri tiraka, gure inguruan zabaltzen ari diren proiektu biziak. Beraz, eraiki ditzagun gure neurrira egindako espazioak. Baliatu ditzagun gure baliabideak. Eta izan gaitezen burujabe, elkarrekin.