Halako zerbait sentitu izan dut Berri Txarrak taldearekin zenbaitetan. Hasieran, anaia zaharrak aditzen zuen burrunbak asaldatu egiten ninduen. Oraindik arrotz zitzaidan bozkario batek izutzen ninduelako ziurrenik. Gerora ordea, kantak pixkanaka ezagutu ahala, euren letra eta doinuak harrapatu ninduten. Kantak errepikatuz barneratu nintzen erritmoetara. Eta batek daki zein momentutan zehazki, itsu-itsuan aditzen nituen horietako bat izatera ere pasa nintzen noizbait. Kontzertuetan garrasika, irudi lausoak atera izan ditut, kontzertura bete-betean egon beharrean. Kantatu izan ditut abestiak, robot baten pare, esanahiak oraindik ulertu ere egin gabe. Kontatzen zutena ezagutu gabe. Baina bizitzako beste hainbat alorretan gertatzen den moduan, une gozoagoak ere heldu izan zaizkit, zorionez.
ALAZNE ARRUTI
“Ostera lehengora itzultzeko erresistentzia hori ulertzeko momentua heltzen da. Izan ere, itzulerak ez luke zertan horren gogorra izan behar. Beraz, galdetu gaitezen, zeri gabiltza ihesi?”
Hala ere, denbora aurrera joan ahala, inguruan emandako aldaketekin batera eta nire gozamenerako, aro berri bat zetorren eurentzat ere. Eta honexek, nire bilakaerarekin bat egin zuelakoan nago. Kantuak bigunagoak izanagatik, iruditeri berri bat zabaldu baitzen nigan, eta ziurrenik horri esker, azken aldi horretako kantak oraindik ere gertu sentitzeko gai naiz inguruko zenbait lagunen marmarrerako. Hala ere, aitortu beharra dut, eman zituzten azken kontzertuetatik hona, ez ditudala horrenbeste aditzen. Izan ere, guztiak du aldatzen jarraitzeko behar bat. Eta tartean, beste hainbat talde ezagutzeko aukera izan dut.
Dena den, badira oraindik mantentzen ditudan zenbait erritual. Eta horietako bat besteak beste, irailaren etorrera izaten da. Izan ere, izen bereko kantuak dioen moduan, irailak badu, hitzak izen gabeko txorien antzera urtaro batetik bestera bidaliagatik, munduaren nekea hostoetan gordetzen duenaren itxura. Uda eta opor ostean, egun eguzkitsuei aurre egiten dien iluntasun moduko bat gorde dezake. Baina, egunerokotasunera itzuli nahi ez duenaren pisuaz gaindi, oraindik mantentzen den edertasuna sentitzeko gaitasuna ere izan dezake. Argi-ilunean bizitzeko unea eskaintzen digu nolabait. Betiko aurretik izango dugun iraganaz jabetzeko aukera bat. Eta baita, guztiaren gainetik, ostera zerotik hasteko erabakiak indartzekoa ere.
Kresala eta hondar-aleak oraindik ileetan gatibatuta izanagatik, bada herriko festetan bizitakoak, txosna basoen antzera, nonbait pilatzeko unea. Oporretan, hara eta hona astindutako gorputza, etxean eta patxadaz errutinara itzularazteko garaia. Izter urratuak samurtu eta bakoitzaren nahi eta beharraren araberako ariketa fisikoari ostera ekiteko aitzakia.
Baina batez ere, ostera lehengora itzultzeko erresistentzia hori ulertzeko momentua heltzen da. Izan ere, itzulerak ez luke zertan horren gogorra izan behar. Beraz, galdetu gaitezen, zeri gabiltza ihesi? Estatu mailan hartutako efizientzia neurri epel eta hilabete amaierako faktura elektrikoari? Hipotekari edo norbere etxe bat izateko ezintasunari? Lan baldintza eskasei eta arrakalei? Asebetetzen ez gaituzten betekizunei? Etengabeko eraso eta ziztadei? Une oro zanpatzen gaituen eta kontsumitzen jarraitzera bultzatzen gaituen sistema kapitalistari?
Bada, hasi gaitezen zerotik.