Zer da energia zuretzat?

Energia nonahi topa dezakegu. Energia, bizitza bera da. Janaria eta eguzkia. Haizea eta ura. Zura, lastoa eta ikatza. Baina tamalez, hauen kontsumo beharra ere zaildu dugu beste hainbat gauza bezalaxe, gure ekintza eta gaitasunen bilakaeraren arabera. Elektrizitatea sortzeko, baliabide naturalak ustiatzen ditugu. Auto ilarak elikatzeko, gasolina eta gasolioa behar ditugu nagusiki. Eta gutxi balitz, guztia, hari gabekoa eta bateriaduna bilakatzen ari gara. Eta aizue, ez da zaila ulertzen bizirauteko etengabe hasi behar duen sistema bat, ez dela bateragarria mugatutako baliabideak dituen planeta batean. Beraz, hortxe daukagu erronka potoloena, gure beharrak, Lurraren ahalmenera egokitu beharrean gaude. Eta horretarako aukera bakarra dago, deshazkundea.

Hala eta guztiz, energia herritarrontzat gauza arrotza dela dirudi. Ez gara gai, hedabideen mezu kontraesankorrak xehatu eta gure fakturetan gertatzen ari dena ulertzeko eta ez da harritzekoa. Egunetik egunera sortzen baita zerbait berria eta esplikatzen zaila.

Beraz gaurkoan, merkatu elektrikoa osoa azaltzea gauza makala ez denez, Eguneko Merkatuaren gorabeherak azaltzen saiatuko naiz. Badakizue merkatu honetan, aurreko egunean hurrengo eguneko ordu bakoitzean energiak izango duen prezioa finkatzen dela? Egunero, orduz ordu, eskaintza eta eskaeraren gurutzatze bat ematen da horretarako. Baina badakizue zer den bitxiena? Estatu mailan, 1997tik eredu marjinalista darabilgula eta beraz, orduero, saltzen den azken energiaren prezioak finkatzen duela gainerako energiaren prezioa. Nola?

Demagun 5 lagun elkartu eta merkatura goazela tomateak erostera. Bakoitzak argi du, gehienez zein prezio ordaintzeko prest dagoen eta 3€, 10€, 25€, 40€ eta 60€ ordainduko dutela esaten diote bitartekariari. Gaurkoan, soilik 3 tomate daudela dirudi. Nekazarietatik lehenak 3€, hurrenak 6€ eta azkenak 25€-ko eskaintza egiten du, eta azken tomatea 25€-tan ordaindu denez, hau baina gutxiago ordaintzeko prest zeuden lagunak, ez dute tomaterik eskuratuko. Aldiz, gehiago ordaintzeko prest zeudenak, 25€ ordainduko dute eta horrenbestez, nekazari guztiek tomate bakoitzagatik 25€ jasoko dituzte.

 

ALAZNE ARRUTI

“Eta orduan zer egin dezakegu? Hasteko, gure kontsumoa ezagutu eta zentzuz kontsumitu. Bestetik, elkarrekin batu, taldean injustiziei aurre egiteko”

 

Ze trikimailu darabiltzate handienek? Merkatu elektrikoak energiaren kWh unitate bakoitza, berdintzat hartzen du. Eta gainera, ekoizle bakoitzak, nahi duen prezioa jarri diezaioke bere sorkuntzari. Legez ez dago inongo mugarik izan dituzten kostuen eta eskaini dezaketen prezioaren artean. Muga bakarra, merkatuari berari ezartzen zaio, eta iaz 0 eta +180€/MWh-an zebilena, -500 eta +3000€ artera egokitu zuten. Beraz gure merkatua, Europakoen mailara eramatea erabaki zutenetik, inoizko preziorik altuenek pairatzen ari gara.

Eta noski, honetan Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak eragin handia izango du, ezta? Ba, gasarekiko dependentzia handia dugunez, ezinbestekoa da, bai. Baina badakizue zer den bitxiena? Hilabete hauetan, preziorik handiena markatu duen teknologietako bat, hidroelektrikoa izan dela. Izan ere gas garestia erre behar dutenek, zentral hauek ere jabetzan edo lagun dituztenez, gure beharrak aurreikusi ditzakete eta gasaren prezioan eskaini dezakete gu guztiona den uraren bitarteko ekoizpena. Legeak dio, merkatuko agenteek ezin dutela elkarrekin hitz egin, baina tira, musean zabiltzatenok badakizue beste modu batzuetan ere hitz egin daitekeela, ezta?

Eta orduan zer egin dezakegu? Hasteko, gure kontsumoa ezagutu eta zentzuz kontsumitu. Bestetik, elkarrekin batu, taldean injustiziei aurre egiteko. Eta bestetik, energia gure egin, Energia Komunitateak baliatu eta geure beharrak, geure baliabideen bitartez asetzen hasi.