Izatez, aldatu den bakarra, euren negozioa egiten jarraitzeko estrategiak izan dira. Jende berdina gehiago estutu eta jende berria estutzen hasteko bideak topatzen baitituzte. Iberdrolaren titularrean sakondu besterik ez dago. Izan ere, energia-konpainiak emaitza horiek lortu dituela dio, bere etekina Espainian %14 jaitsi den arren. Eta irabaziak handitzearen arrazoia, batez ere Brasil eta Estatu Batuetan garatutako jarduerak izan omen dira. Bestalde, diote, Espainiari dagokion jaitsiera, gasa eta elektrizitatearen prezio altu eta hartutako neurri arautzaile eta fiskalen eraginez gauzatu dela, aurretik prezio finkoak ezarriak dituzten bazkideei, hauen eragina eskualdatu ezin izan dietelako.
Alazne Arruti
"Gerraren errentagarritasuna baliatzen ari dira, gerra-egoeran gehiegizko irabazia lortzeko abantaila baliatuaz”
Beraz, zer esan nahi dezake honek? Enpresa handi hauek kontsumitzaileetako askori mantentzen ari diren prezioak, aldatzear daudela. Eta gainerakoek jada jasan duten gorakada, hauentzat ere etorri daitekeenaren iragarpena izan litekeela. Izan ere, besteak beste maiatzaren 13tik hona, Ukrainia eta Errusiarren gatazka hizpide hartuta, gas naturalaren prezio-igoerak argindarraren handizkako merkatuan duen eragina mugatzeko mekanismo bat ezarri zen Errege Lege Dekretu bidez. Akaso guztiok ulertu ezin dezakegun kontzeptua da, baina gutako askoren faktura elektrikoaren lerro berri batean ageri da.
Kontzeptu berri honek, egunero eta orduero energia salerosten den merkatuan, gasaren garestitzea mugatzea zuen helburu. Nolabait, gasaren prezioari tope bat jarri diote merkatuan. Izan ere, gure energiaren merkatua eredu marjinalistan oinarritzen denez gero, gasaren azken prezioan ordaintzen ziren gainerako energia iturriak ere (izan eguzki, ura edota haize bidezkoa ere). Eta hau zergatik galdetuko duzue? Bada, laburrean azaldu ezin daitekeenez, aurrekoan idatzi nuen testura jotzera gonbidatzen zaituztet. Tomateekin azaltzen saiatu bainintzen, Espainiar Estatuko energia merkatuaren funtzionamendu oinarrizkoa.
Baina nahiz eta muga hau ezarri, gasaren prezioak lainoetaraino igota jarraitzen duenaren jakitun dira, beraz non dago koxka? Nahiz eta merkatuan prezio hau mugatu, gasak duen prezio errealaren eta merkatuan ezarri den muga honen arteko diferentzia, erabiltzaileen artean banatzen du mekanismo honek. Beraz, gasaren kostu erreala, eguneko merkatutik atera duten arren, gure fakturetan ari gara ordaintzen. Baina kontsumitzaile guztion artean?
Ez, mugak honek ez dio eragiten 2022ko apirilaren 26a baino lehenagoko energia-erosketa aurreratuak dituztenei; beraz, doikuntza hori ordaintzetik salbuetsita egongo da. Honenbestez, gutxi batzuen artean banatu da gainkostua lehen une batean. Eta denbora igaro ahala, gehiagoren artean banatzen joan da, norbanakoarentzat doikuntzaren kostua murriztuaz.
Dena den, baten batek esan dezake, baina nik ez dut gasik etxean eta, zergatik ordaindu behar dut hau? Bada kontuan izan behar dugulako, ikusten ez dugun arren, gure etxeetan argi indarra edukitzeko, gasa erre behar izaten dela nonbaiten. Dena den, testuinguru honetan guztian, baliabide gehien dituztenek, egoerari muzin egiteko aukera gehiago ere badituzte. Eta kasu honetan ere, ingelesezko war profiteering, edo gerraren errentagarritasuna baliatzen ari dira, gerra-egoeran gehiegizko irabazia lortzeko abantaila baliatuaz.