Ordu erdi pasatxoko bidaia genuen Arroa Behera heldu, autoa aparkatu eta eliza inbaditzeko. Eta heldu bezain pronto, presati norabidea aldatzen hasi eta espaloiari danga gogor jo nion. Metro eskasera autoa aparkatzean, hantxe aditu genuen gurpilak bere onenak emanak zituela adierazi zigun soinu jostari, egonkor eta lasai bat. Baina tira, emanaldia hasteko hamar minutu eskas geratzen zirenez, aterkiak hartu eta lekua hartzera joan ginen bi aldiz pentsatu gabe.
Eliza atarian batu ginen hotzari izkina egin nahian, barruan itsasoa eta bikote oso berezi bat ezkutatzen ziren bitartean. Ines, ohi bezain esatari, espazioa eta musika bere egiteko prest zegoena. Eta Sarrionandia, alboan, marinel baten gisako jertse marradun zuri urdinaz, lotsati eta zintzoki eseria.
Emanaldiak, Berbak eta kantuak, katuen kontuak zuen izena. Eta antzeman daitekeen gisan, hainbat katu biltzen ditu bere baitan. Solasaldia hasi bezain pronto, elizako egurrezko banku zurrunetan esertzerako ahaztua nuen autoa etorri zitzaidan burura. Izan ere, lehenengo kantuan, jolas bat proposatu ziguten. Kantuan jasotako katu guztiak identifikatzea. Bistakoak, zein ezkutuen zebiltzanak. Eta hantxe azaldu zen halako batean, autoak altxatzeaz nazkatua zegoen katu bat. Bere lanaz kexaka eta aurrerantzean egiteko prest ez zegoen guztia aldarrikatzen zuena. Eta ni bitartean, urduritasunez jota dagoeneko, kanpoan utzi nuena umorez hartu nahian.
ALAZNE ARRUTI
“Basamortuaz eta Saharaz ere hitz egin zuten. Eta hara garraiatu ninduten ostera ere, duela ia hamar urte lur hura ezagutzeko aukera izan nuen garaira”
Bi sortzaile hauek, ezin hobeki uztartzen dituzte musika eta literatura. Sarrionandiak Habanan idatzitako testuak, konplizeen bitartez Euskal Herrira eskuz esku heldu ostean, Gosariak izeneko proiektu batean musikatu zituen Inesek. Eta oraingo honetan, saio hauen bitartez, testu hauen jatorri eta zergatia azaltzen dute elkarrekin. Bakoitzari sarrera literario bat eginaz eta ostean, entzulearen gozamenerako, zuzeneko musika esperimental eta zirraragarriaz baliaturik.
Eta a zer nolako bidaia, aizue. Ironia eta umore asko. Salaketa eta mina borborka, erraiak dantzan jartzeraino. Irudiak eta sentimenduak bata besteri lotuta eta dantzan. Eta neurririk gabeko burrunba eta zoramena guztia inguratzen, elkarrekin oso ongi moldatzen diren bi lemazain finen gidaritzapean.
Basamortuaz eta Saharaz ere hitz egin zuten. Eta hara garraiatu ninduten ostera ere, duela ia hamar urte lur hura ezagutzeko aukera izan nuen garaira. Eliza hartako aulkiak baino atseginago, alfonbrez estalitako lurrean eserita, te kikara bat eskaintzen zidaten une zehatzera. Orduan azaldu baitzidaten, tearen esaera. Lehena, bizitza bezain garratza dela. Bigarrengoa, maitasuna bezain gozoa. Eta azkena, heriotza bezain suabea. Izan ere, belar berdinarekin, hiru erronda prestatzen dituzte, bakoitzari ur eta azukre gehiago boteaz. Eta halako sinpletasunaz deskribatzen dute bizitzaren nolakotasuna.
Hizlariek, itsasoa ere izan zuten hizpide, atzealdean, argiz zipriztindutako ur masa bat zuten bitartean. Inesek aldarrikatzen zuen, itsasoa dela bide bakarra. Eta Sarrionandiak aldiz, zalantzan jartzen zuen, txaluparen garrantzia azpimarratuz. Saioa amaitzear zela ohartu nintzen, elizaren sabaitik zintzilik itsasontzi bat zegoela kulunkan, alde batetik bestera, norabiderik gabe biraka. Nire gisan, ia gaueko 12ak jotzear, etxera bidea topatu beharrean.