Güixak eta sorginkeriak

Ospakizunez blaitutako egunen artean, oasi txiki bat gorpuztu dut Pirinioetan. Urte berriaren harrera ohartzerako gauzatua genuen eta lanera itzuli aurretik egun batzuk nituenez, Villanugara abiatu nintzen. Lehenago bisitatu gabeko lurrak zapaldu berritan, 3 egun eskasetan askorik egiteko tarterik ez genuenez, erosketak egin eta eskuartean genituen orduak antolatzen hasi ginen bidaidea eta biok.

Edozein leku lehen aldiz bisitatzen dudanean, turismo bulegora joan edota interneten begiratzeko ohitura dut, inguruan egin daitezkeenak identifikatzeko. Dagoeneko, erreferentzia pare bat jaso nituen eta kasu honetan, berehala topatu nuen etorri berriei herriko puntu interesgarrienak bisitatzeko proposatzen zitzaien ibilbidea.

Herria bera, ez da oso handia eta berehala amaitu genuen ibilaldia. Azken puntua ordea, bertako Güixak edota haitzuloak ziren. Hitzordua hartua genuen ordu beteko bisita egiten hasteko, eta turismo bulegoaren aurrean zegoen estatuan bildu ginen heldu, gazte zein haurrek osatutako 20 lagundik gorako taldea. Berehala etorri zen gida, eta lehenik eta behin, non ginen kokatu gintuen.

Villanuga, Aragoi ibarrean kokatzen den Huesca probintziako udalerria da. Biztanleen kopururik altuena, XX. Mendeko bigarren hamarkadan izan zuen, Canfranceraino doan trenbideari esker. Gaur egun ordea, 500 erroldatu inguru ditu turismoari esker, 200 biztanlerainoko beherakadari zertxobait eutsi ostean, 1960 eta 1980 artean.

ALAZNE ARRUTI

“Collarada mendigunearen azpian (2.884 m) kokatzen dira Güixa haitzuloak edo “sorginen etxeak”. Barrunbe hauek azken glaziazio-garaikoak dira”

Collarada mendigunearen azpian (2.884 m) kokatzen dira Güixa haitzuloak edo "sorginen etxeak". Barrunbe hauek azken glaziazio-garaikoak dira, duela 25.000 edo 30.000 urte ingurukoak. Eta ordutik urak, tantaz tanta, Aragoiko Pirinioetako paisaia espeleologiko ederrenetako bat sortu du bertan, estalaktitak eta estalagmitak 800 metroko ibilbidean loratzen direlarik.

Haitzulo hauek, sorginekin lotzen dira eta bertan, Tximinia izenez ezagutzen den zulo bat topatu daiteke. Kondairek diotenez, hantxe batzen ziren emakume jakintsuok, ilargiaren argiak zuloa zeharkatzen zuen unean. Ustez, larru gorritan eta gauez, ilargiaz argiztatzen zuten euren azala gazte eta lirain mantentzeko asmoarekin.

Dena den, azaleko irakurketa honez gain, gure bisita gidariak modu bikainean orekatu zuen kontakizuna. Azpimarratuaz, jakina dela bakarrik bizi ziren emakume independenteei leporatzen zitzaiela batez ere sorginkeriatan aritzea. Naturarekin lotura eta ezagutza handia pilatzen zuten pertsonak zirela. Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, sendabelar zein osasunaren gaineko ezagutzak partekatzen zituztenak. Eta eurengan fama txarra iltzatzen zuten arren, bizilagunek eurengana jotzen zutela, emagin eta orotariko sengile apartak zirelako.

Dena den, begi bistakoa da Aragoiko sorgin-gune bat kokatu zutela inguru honetan, izan ere orotara herriko 15 emakume epaitu zituzten XV eta XVI mendeen artean, batzuk urkan eta beste batzuk sutan erretzera kondenatu zituztelarik. Hain zuzen, ibilaldia hasi genueneko monumentu sinbolikoa, eurei eskainia da eta halaxe dio: Istorioak bruxak isilarazi nahi izan zituen, eta hemen oroimena berreskuratu dugu.

Azpimarratzekoa da, garai hauetan herri-epaiketek izan zuten pisua. Izan ere, horien artean ezagunena, Guiranda de Layada izan zen. Jacako justiziak zigortu zuena 1461eko martxoan, Villanugako zazpi gizonek, euren senideak pozoitu eta gaixotu izana salatu ondotik. Epaiketa prozesuan hamazazpi gizonek beren sorginkeriak berretsi zituzten. Eta galdeketen ondorioz, akelarreak zeintzuk osatzen zituzten aitortu behar izan zuen.